Ikuskizun ederra eskaini deuskue astegoienenean Euskotren eta Euskolabel ligetako hogei traineruek. Artez esateko, itsasoaren indarrak emon euskun arraunketaz gozatzeko aukera bikaina. Haizeak eta olatuek zaildu egin eben arraunlarien jarduna eta ondoen moldatu ziran traineruek eskuratu eben garaipena. Hogei urte bete ditu Traineru Kluben Elkarteak eta bitarte horretan aurrerapausu handiak eta nabarmenak emon badauz be, A Coruñako banderaren lehen jardunaldian gertatutakoak erakutsi dau hondino be badagoala zer hobetu. A Coruñako estropada eremuaren eta itsasoratzeko lekuaren ezaugarriak ezagututa, eta eguraldiaren iragarpenaren barri izanda, gatxa da ulertzeko zelan ez egoan alternatibarik aurreikusita traineruak arrisku barik itsasoratu ahal izateko. Beti dago zeozer ikasteko.

Zierbena izan dogu protagonista nagusia Eusko Label ligearen hasieran. Inor gutxik sartzen ebazan galipoak banderea irabazteko kinieletan baina ederto baliatu eben garaipena eskuratzeko aukerea, erakustaldia emonez haize eta olatu artean. Hemendik aurrera, Dani Perezek zuzentzen duen taldea kiniela guztietan egongo da. Azpimarratzekoa da entrenatzaile galiziarrak Zierbenara ekarri dauen iraultzea. Igaz ligan garaipen barik eta zazpigarren amaitzetik, banderak irabaztera igaro da hile gitxiren buruan.

Urdaibaik ez eban suertea lagun izan A Coruñan jokatutako estropadan. Hirugarren txandan lehiatzea tokau jakon eta domeka eguerdietan sarritan jazoten dan lez, haizea harrotu egin zan hirugaren txanda horretan arraunean egin eben lau traineruen kalterako. Bosgarren amaitu arren, Iker Zabalaren kuadrilak lan txukuna bete eban, estropadearen bigarren zatian batez be.

Ondarroak eta Lekittarrak uste baino hasiera hobea emon deutsoe denporaldiari eta indartuta etorri dira Galiziatik. Antiguako Amak estropada bikaina egin eban eta bigarren postuan geratu zan bere txandan Hondarribiarekin lehia gogorra izan ostean. Ganera, sei traineru itxi ditu atzetik eta aurretik izan dituen beste bi, Orio eta Urdaibai, oso hurre euki dauz.

Lekittarrak sufritzen dakiela erakutsi eban A Coruñan. Hasieratik txandako azken postuan geratu arren, Saguak gidatutako ekipoak ez eban etsi eta sailkapen nagusian lau traineru itxi ebazan atzetik. Ez da gitxi.

Txanponaren beste aldean, Kaiku eta Santurtzi agertzen dira. Batak zein besteak asko sufridu eben A Coruñako estropada eremu exijentean. Kortak eta Polok ondo aztertu beharko dabe ligako lehen estropadan gertatutakoa lehenbailehen urteteko sailkapeneko zulotik.

Emakumezkoen Traineru Elkarteak antolatutako ligeari jagokonez, Kaikuk eta Zumaiak beste guztien ganetik dagozala erakutsi dabe. Nabarmentzekoa da gaztez beteriko Bizkaitarra emoten dabilen errendimendu bikaina. Deusto hirugarren postuan kokatu da eta Ondarroa goraka dator egunetik egunera. Portugaletek ikasten segiduten dau.

Bost estropada jokatu dira KAE-1 ligan eta hasiera batean parekotasun handia baegoan be, San Pedroren brankea beste guztien aurretik kokatu da. Plentziko Arkotek aurrepausua emon eta ohorezko txandan sartzea lortu dau. Atzetik, lehia gogorra dago Busturialdea eta Deustoren artean promozino postutik iges egiteko. Azkenik, KAE-2 mailan, Oriok nagusitasun handia erakutsi dau orain arte jokatutako estropada bietan. Portugaletek bigarren postua kendu gura deutso Astillerori.