Garaipen guztiak ez dira bardinak eta irabazteko moduak bere ez. Athleticek urrearen balioa daukan garaipena eskuratu eban Realaren aurka, eraginkortasuna eta sendotasun handia erakutsita ganera. Ernesto Valverderen taldeak hiru puntuak behar ebazan Europarako sailkatzeko lasterketan atzeratuta ez geratzeko. Denporaldi honetan, ganera, puntu larregi galdu ditu San Mamesen eta odoluste hori itxi beharra eukan, lehenbailehen ganera. Helburu hori betetzeagaz batera, zuri-gorriek autoestima txute bat jaso eben sailkapeneko laugarren sailkatua menderatuta. Realaren aurkako garaipenak ez deutso Europarako txartela emon talde zuri-gorriari baina garbi itxi deusku zuri-gorriek ahaztu egin dabela kopako finaletik kanpo geratu izana eta sasoi betean ekingo deutsela denporaldiaren azken txanpeari. Europa Leagueko postuetan dagozan Vila-real eta Betis lau eta bost puntura ditue eta bien aurka jokatuko dabe datozen asteetan. Halanda ze, Europa zuri-gorrien eskuetan dago.

Ez dot esango Realaren aurka Athleticek erakutsi eban sendotasunak ezustean harrapau nauenik. Izan be, uste dot Ernesto Valverderen taldea maila ona emoten dabilela urtarrilaren 29ean Celtaren zelaian galdu ebanetik. Zuri-gorriek liga txapelketako hamar partidu jokatu ditue ordutik, eta Gironaren aurkako istripua negargarri-barregarrian izan ezik, maila ona emon dabe ganerako bederatzi partiduetan. Atletico eta Bartzelonaren aurka baino ez dabe galdu -gol bakar bategaitik eta partidu onak eginda- eta garaipenak lortu ditue Cadiz, Valentzia, Valladolid, Espanyol eta Realaren aurka. Ernesto Valverderen taldeak Ligearen lehen erdian euki ez dauen erregulartasuna lortu dauela esan geinke, denporaldiko une erabakigarriaren atarian hain zuzen.

Txingurrik, ganera, bere gustoko hamaikakoa, orekatua, aurkitu dau, Mikel Vesga eta Dani Garcia blokearen bizkarrazurrean dirala. Kritika zorrotzak entzun arren, entrenatzaileak eutsi egin deutso bikote honen aldeko apostuari eta emaitza onak iritsi dira. Valverdek Realaren aurkako partiduaren osteko prentsaurrekoan esan eban legez, Dani Garciak berak uste baino gehiago emon leikio taldearen erasoko jokoari. Zumarragako erdilariak urrats hori emoten badau taldeak asko eskertuko leuke, defentsa mailan lan itzela egiten dau-eta.

Beste alde batetik, beti esan dot Iñaki Williamsek min gehiago egiten dauela hegalean jokatzen dauenean, erditik aritzen danean baino. Valverdek hegalean ipini dau azken partiduetan eta Williams anai zaharraren errendimendua biderkatu egin da. Hori gitxi balitz, golak sartzen hasi da. Eta golen harira, bi bider pentsau behar dogu Athletici gola falta jakola esan baino lehen. Izan be, lehen mailan gol gehien sartu dituen bosgarren taldea da, Bartzelona, Real Madrid, Atletico eta Gironaren atzetik –talde kataluniarrak lau gol gehiago sartu ditu baina hamahiru gehiago jaso– eta Reala, Vila-real edota Betisen aurretik. Valverderen taldeak ez dauka gol faltarik, golegile peto-peto batena baino. Nabarmentzekoa, Gorka Guruzetaren lan iluna aurrealdean.

Gauza bat faltan bota neban derbian, eguna biribiltzeko. Euskal derbi baten ostean, Realeko entrenatzaileak bakarrik egin eban euskeraz berba San Mameseko prentsa aretoan. Eta, zalantza bat: Zer egiten dabe Athleticeko jokalari batzuk animazino harmailak Txoria-txori abestuten dauenean? Laralalara?