Zapore gazi-gozoa itxi euskun Athleticek Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatu eban liga txapelketako partiduak. Puntuak eta sentsazinoen arteko lehia. Alde batetik, aspaldiko Athletic onena ikusi genduan zelaian eta zuri-gorrien ahaleginak saririk jaso ez arren garbi dago horixe dala etorkizunean jarraitu beharreko bidea. Beste alde batetik, ostera, ezin pozik geratu hiru puntuak aurkariak irabazi badauz, eta zelan irabazi dauzan ikusita ganera. Ernesto Valverderen taldeak ez eban galtzea merezi izan. Agian, irabazteko meritoak egin ebazala gehiegi esatea litzateke, bai, baina Bartzelonak berak be ez daki zelan geratu zan zulatu barik Ter Stegenen atea. Beno, zulatu, zulatu eben, baina epaileak balio barik itxi eban Iñaki Williamsen gola ia “ordu erdi” lehenago VAReko epaileak bakarrik ikusi eban jokaldian, ustez, Muniainek baloia besoagaz ikutu ebala argudiatuta. Epaileak ez eban ikusi, ostera, jokaldi horretan De Jongek hankea ezpatadantzari baten moduan igo ebala Muniainen aurpegiaren parera. VARaren kudeaketea negargarria eta tamalgarria da. Kontuak kontu, eta Valverdek ondo laburtu eban lez, futbola joko bat da, area bietan asmau egin behar da eta eurek asmau egin dabe eta guk ez. Laburpen zehatza.
Partiduak galtzeko eta galtzeko moduak dagoz eta aukeratzekotan ez dakit onena zein dan. Aurkariak goitik behera menderatu zaituenean ez dago zeresanik. Athletic zaleok badakigu zer dan Bartzelonaren aurka erabat menderatuta egotea. Domekan, baina, blaugranek sufridu egin eben San Mamesen, tarteka izan bazan be. Ter Stegenek, Koundek eta Marcos Alonsok salbau egin eben euren taldea Athleticek partiduaren azken txanpan euki eban oldarraldian. Ganera, Gil Manzanok balio barik itxi eban Williamsen gola. Ez zan, ez, Katedraletik amorratuta urteteko motiborik falta izan.
Kontuak kontu, liderraren aurka galtzea normaltasun baten barruan sartu badaiteke be, kontua da, Athleticek puntu bakarra eskuratu dauela azken lau jardunaldietan eta ez dauela garaipenik lortu martxoaren 11an Valentziari Mestallan irabazi eutsanetik. Ganera, zuri-gorriek ez dabe golik sartu Atletico, Osasuna, Rayo eta Bartzelonaren aurkako partiduetan. Europarako postuak urrunduz doaz –bost puntura dagoz- eta jaisteko postuak gero eta hurrago dagoz, zazpi puntura hain zuzen be. Lehenengoz denporaldi honetan, sailkapeneko behealdearen hurbiltasunaren ganeko galderak jaso ebezan Valverdek eta bere jokalariek. Ez gara alarma gorriak biztuten hasiko baina Athletic ezin da lo geratu. Entrenatzaileak argi eta garbi esan dau garaipenak lortzen hasi behar dirala. Ez dago besterik. Sailkapeneko liderraren aurka galtzea lojikotzat-edo jo geinken arren, hurrengo jardunaldietan –Valladolid eta Getafe- zuri-gorriek erakutsi behar dabe sailkapeneko behealdean dagozan taldeak baino hobeak dirala.
Autortu behar dot beti egon nazela VAR erabiltearen alde. Onurak bakarrik ikusten nebazan futbola justuagoa egiteko. Sistema hori zelan erabilten dabilzan ikusita, ostera, eretxiz aldatzen hasita nago. VAR laguntzeko egon beharko litzateke eta ez zelaian dagoan epailearen lana goitik behera baldintzatu eta inork ikusi ez dauzan gauzak ikusteko. Domekan San Mamesen gertatutakoa onartuezina da. Federazinoak eta epaileek goitik behera aztertu behar dabe VARaren kudeaketea, futbolari min gehiago ez egiteko.