Etxetik kanpo ez galtzea positibotzat jo izan da beti. Athleticen kasuan, zuri-gorriek eten egin dabe azken hiru partiduetako bolada txarra eta alde horretatik, ontzat emon daiteke Rayo Vallecanoren aurkako partiduan lortutako puntua. Ganera, Ernesto Valverderen taldeak ez eban golik jaso, aspaldiko partez. Irakurketeari bueltea emonda, edota botilea erdi hutsik ikusita, zuri-gorriek garaipenik lortu barik segiduten dabe eta Europarako postuak urrunduz doaz. Beharbada, puntuaren balorazinoa positiboagoa izango zan taldea bolada oparo batetik etorri izan balitz. Athleticek, baina, ez dau partidurik irabazi otsailaren 11an Mestallan nagusitu zanetik. Uzta urria azken hilean lortutakoa. Hamalau partidu baino ez dira falta Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek erritmoa bizitu behar dau. Garaipenak behar dira denporaldi hasieran jarritako helburua betetzeko. Hau da, Europa mailako lehiaketaren bat jokatzea datorren denporaldian.

Hiru partidu erreskadan galtzetik datorren talde batentzat albiste ona da bapezna bardintzea. Athleticek partidu itxurosoa jokatu eban Vallecasen eta aurrepausu bat emon eban mailarik onena emoteko errekuperazino prozesuan. Valverderen taldea serio aritu zan defentsan, aurreko partiduetan baino hobeto ibili zan jokoa sortzeko orduan baina, betiko lez, ez zan fin ibili aurkariaren ate aurrean gol aukerak gauzatzeko orduan. Kontuak kontu, zuri-gorriek aurreko partiduetan baino hobeto aritu baziran be, ez dakit emondako urratsa eta lortutako saria txikiegiak ez ete diran, Rayo Vallecano aurkari zuzena dalako Europarako sailkatzeko lehian eta puntu batek bakarrik urrundu egiten gaituelako sailkapeneko seigarren postutik.

Ernesto Valverdek aldaketak egin ebazan hamaikakoan Osasunaren aurka zelairatu ebanagaz alderatuta. Lekue jarri eban eskoiko hegalean, Zarraga eta Dani Garcia zelai erdian eta Nico Williams, Sancet, Berenguer eta Guruzetagaz batera erasora begira, Iker Muniain aulkian itxita. Kapitainak ez eban minutu bat bera be jokatu. Valverdek ez eban ipini beroketa ariketak egiten bez.

Zuri-gorriek bizi-bizi eta ausart ekin eutsoen norgehiagokari. Azpimarratzekoa, Dani Garciak erdialdean egindako lan bikaina. Oier Zarragak, ostera, ez eban parte-hartze handirik izan jokoan, titulartasuna berreskuratu eban norgehiagokan. Andoni Iraolak ondo baino hobeto daki Sancet jokalari erabakigarria dala eta Rayo Vallecanoko jokalariek arnasea har-tzen be ez eutsen itxi erdilari nafarrari. Halanda be, Sancetek eskutik etorri ziran zuri-gorrien erasoko jokaldi arriskutsuenak. Iraolak partidu osteko prentsaurrekoan autortu eban moduan, Athletic aurkaria baino gehiago izan zan lehenengo zatian. Zoritxarrez, Sancetek txartel gorria ikusi eban partiduaren ondarrean eta ezingo dau jokatu Bartzelonaren aurka datorren domekan San Mamesen.

Talde biek euki ebezan gol aukerak ikusita, puntu banaketea zan emaitzarik zuzenena. Dana dala, ezin ahaztu 92 minutuan Nico Williamsek izandako gol aukera garbia. Barriro be, zuri-gorriak ez ziran bape fin ibili aurkariaren ate aurrean. Betiko kontua.

Bartzelonaren aurka jokatuko dau Athleticek datorren domekan San Mamesen. Hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan. Garaipena lortu ezkero, sailkapenean gorantz egiteagaz batera, Valverderen taldeak sekulako bultzadea jasoko leuke denporaldiko azken txanparako. Galdu ezkero, ostera, ezkortasuna eta taldearen lehiakortasunaren ganeko zalantzak nagusituko lirateke osterabe.

Atezain askok baltzez jantzita jokatu dabe astegoienean Iribarren omenez. Athleticeko atezain handienak lagun min bat galdu dau zapatuan: Felix Ugarriza Aramendi, Athleticen ereserkiari ahotsa ipini eutsan Orozkoko semea. Kategoriko gizona eta euskaldun zintzoa. Goian bego.