EZ naz inor Jose Anjel Iribar Kortajarena zelako atezaina izan zan azaltzeko. Bere kirol ibilbide oparoan itxi ebazan datuak hortxe dagoz. Esan beharrik ez dago Iribar Athleticek inoiz euki dauen atezain onena izan dala. Jokatzen ikusteko suertea euki neban baina ez askorik. Sasoi haretan San Mamesera joateko sarrerak eskuratzea ez zan kontu erreza eta partidu gitxi emoten ebezan telebistaz. Edozelan be, Iribarren figurak erakarri, liluratu egin nau beti. Behin kontau neban zelako flash-a izan zan niretzat Iribar nire etxe ataritik pasetan ikustea Bermeoko Gaztelu auzoan, sei urtetxo nebazala. Handik sei urtera, nire arrebak opari itzela egin eustan neure urtebetetze egunean: Iribarren argazki bat neuri eskeinita. Berrogeta bost urte igaro dira ordutik eta altxor baten moduan daukat gordeta neure gelan. Ez daukat besterik.
Orduan nork esango eustan urte batzuk beranduago neure kazetari lanagaitik Iribar ezagutzeko aukerea izango nebanik. Eta hori gitxi balitz, beragaz karta jokoan egiteko aukerea be –baten baino gehiagotan– euki neban Athleticek gabon bueltan urtero kazetariokaz antolatzen dauen bazkariaren ostean. Iribar eta Valverde, Jose Luis Artetxe eta bion aurka. Kazetariok irabazi genduan –gabonetako loteria dezimoak eurek ordaindu ebezan– eta Iribarreri ordago bat irabazi neutson. Lau erregegaz ni. Nori eta Jose Anjel Iribarri. Inoiz euki dodan idolo bakarrenetakoari. Eguna amaitu baino lehen aitxeri deitu neutsan albistearen barri emoteko. Zelako harrotasuna!
Iribarrek motibo asko emon deuskuz mirestua izateko. Eta asko, zelaitik kanpo egin dauenagaitik. Zarauztarrak konpromiso handia erakutsi dau beti bere herriagaz, bere hizukuntzeagaz, bere gizarteagaz, eta zelan ez, bere Athleticegaz, bere klub bakarragaz. Gaur egun oso gatxa da –ia ezinezkoa– holako konpromisoa ikustea elite mailako futbolarien eta orokorrean eliteko kirolarien aldetik –salbuespenak dagoz–. Edozein gai konplexuren aurrean, beti erantzuten dabe eurak futbol jokalariak baino ez dirala eta futbola baino ez daukiela buruan, euren inguruan gertatzen diran gauzak beste planeta batekoak balira lez. Iribarrek Athleticen hasi eta amaitu eban bere kirol ibilbidea elitean. Seguru nago eskeintza faltarik ez ebala izango Europako atezain onenetarikoa izanda. Oraingo jokalariei etorkizunean non jokatuko daben itaunduta “eso lo lleva mi agente” erantzuten deutsue.
Hogeta hamahiru urte baino gehiago daroadaz kazetari lanetan eta neure beharra euskeraz egiteko pribilegioa euki dot, sarritan oztopo asko aurkitu arren bidean. Jose Angel Iribar beti izan dot lagun neure zereginean. Euskerea eta Iribar eskutik lotuta joan dira beti. Bere agurreko partiduan batundako dirua futbolaren ganeko euskera hiztegi bat egiteko bideratu eban. Horregaz batera, euskerearen bultzatzaile handia izan da beti, geure hizkuntzearen alde antolatutako edozein ekimen edo proiektu babestuz eta bultzatuz. Eta zelan ahaztu Kortabarriagaz batera Ikurrina eskuetan hartuta Atotxan zelairatu zan eguna. Sekula ahaztuko ez dogun irudia. Iribar ikur bat da. Ikur euskalduna. Badagoz beste batzuk Athleticen, baina ez dira Txopoaren mailara iristen. Normala Jupp Heynckes hasarratzea Iribarren berrogeta hamargarren urtebetetzerako ez zalako ospakizun handirik antolatu. Alemaniarrak arin ikusi eban zarauztarrak Athleticen daukan itzal luzea.
Larogei urte beteko dauz bihar eta seguruenik Sadarren egongo da bere bihotzeko taldea animatzen Osasunaren aurkako kopa txapelketako partiduan. Esan beharrik be ez dago zein izango litzateken oparirik onena Jose Anjelentzat: Sevillako finalerako txartelaren zati handi bat eskuratzea Jagoba Arrasateren taldea menderatuta. Ez da erreza izango. Are gitxiago, zuri-gorriek Gironaren aurkako partidu negargarrian erakutsitako mailea hobetzen ez badabe. Dana dala, Ernesto Valverdek ondo esan eban moduan, futbola joko bat da eta gaur baltza dana bihar zuri izan daiteke. Seguru nago zuri-gorriek euren mailarik onena emongo dabela Sadarren, Iribar poztuteko baino ez bada be. Zorionak Jose Anjel!!! l