Athleticek ezin izan dau punturik lortu Atletico de Madriden zelaian jokatutako partiduan, sarritan jazo izan jakon legez. Ezin esan porrotak ezustean harrapau gaituenik azken urteetako estadistikak ikusita. Ernesto Valverderen taldea ondo lehiatu zan, lehenengo zatian batez be, baina zuri-gorrien lanak ez eban saririk jaso. Sarritan ikusi dogun pelikulea Wanda Metropolitanon: polito jokatu baina galdu. Borreroa be, betikoa. Duintasunez lehiatzea ez da nahikoa Atletico de Madrid lako aurkari bateri irabazteko. Golak sartu behar dira eta Athletic ez zan gauza izan Oblaken atea zulatzeko, aukerak izan arren. Valverdek esan eban legez, taldeak erakutsitako gauza positiboakaz geratu behar gara, bai, baina egia da denporaldia aurrera doala eta taldeak ez dauela erregulartasuna eskuratzen bere jokoan. Gorabehera lar ditu. Olatuaren ganean dagoanean ez dauz partiduak erabagita ixten eta zuloan dagoanean golak jasoten dauz. Gure botilea beti erdi beterik ikusteko zaletasunagaz jarraituta, pentsa daigun Europa Leagueko postuak punto bira dituela taldeak eta kopa txapelketaren finalaurrekoak jokatzen hasiko dala hamar egun barru.

Koltxoneroen estadioa, Vicente Calderon, Manzanares edo Metropolitano deitu, ez da arrain-leku oparoa Athleticentzat. Are gitxiago, norgehiagokea hasi aurretik ekitaldiak badagoz. Azken hamabi denporaldietan, zuri-gorriek hamar bider galdu dabe bertan eta bitan bakarrik bardindu. Joaquin Caparrosen eskutik lortu eben azken garaipena 2010-11 denporaldian, Kun Agüero, Forlan, De Gea eta enparauen aurka. Toquerok sartu ebazan gol biak. Ordurik hona punto bi bakarrik hamabi partidutan.

Hogetabi partidu jokatuta eta beste hamasei jokatzeko dagozanean –berrogeta zortzi punto- Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan dago, seigarrenetik, Europan jokatzeko aukera emoten dauen postutik, puntu bira. Liga amaieran, lehiaketak talde bakotxa jagokon lekuan ipiniko dau. Garbi dago Athletic Europarako sailkatzen ez bada, ez dala izango Atletico de Madriden zelaian, Camp Nou edo Santiago Bernabeuko emaitzakaitik, ganerako taldeen aurka egindakoagaitik baino. Gorabeherak gorabehera, Athletic ondo kokatuta dago Europarako borrokan. Hemendik aurrerakoak emongo ala kenduko deutso Europarako sailkapena. Eta lehenengo urratsa datorren domekan emon behar dau Gironaren aurka San Mamesen, Osasunaren aurkako kanporaketearen joaneko partiduaren atarian. Girona menderatzea litzateke modurik onena Iruñeara joateko.

Gauza positibo asko ikusi ebazan entrenatzaileak Atletico de Madriden aurkako partiduan. Artez esateko, Athleticek lehen zati oso ona jokatu eban. Zuri-gorriak sendo ibili ziran atzealdean eta zorrotz erasora begira, Oihan Sanceten eskutik. Zoritxarrez, beste batzuk, ostera, ez ziran hain fin ibili Oblaken atea erasotzeko orduan. Valverdek Dani Garciaren aldeko apostua egin eban hamaikakoa orekatzeko asmoagaz eta Vesga-Garcia bikoteak ondo funtzionau eban. Bigarren zatian –Balaidosen gertatu zan moduan- lehiakideetako batek garaipenaren aldeko postu garbia egin eban. Ez zan Athletic izan. Golaren jokaldian, Griezman bikain ibili bazan be, errezegi egin eban zelai erditik arearainoko bidea.

Julen Agirrezabala zelairatu eban Valverdek Kopako finalaurrekora begira. Atezainaren errendimendua bikaina izan zan beste behin. Goi mailako jokalaria da, inoren enbidibakoa.