Athleticek garaipena eskuratu eban Valentzian, bai, Ernesto Valverdek eta bere taldeak jasotako kritika zorrotzak irakurri eta entzunda, kontrakoa pentsa badaiteke be. Entrenatzaileak berak onartu eban bere taldeak ez ebala partidu ona jokatu Mestallan, lehen zatian batez be. Edozelan be, zuri-gorriak gauza izan ziran markagailua irauli eta hiru puntuak eskuratzeko hil ala biziko egoerean egoan eta dagoan Valentziaren aurka. Oso garrantzitsua da partiduak irabaztea ondo jokatu barik be. Horregaz batera, nabarmentzekoa da taldeak ez ebala amore emon aurkariaren gola jaso ebanean. Zuri-gorriek garaipen bi kateatu ditue eta sei gol sartuta ganera. Eta, Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan dago hogeta bat jardunaldi jokatu ostean eta hamazazpi geratzen diranean ligea amaitzeko. Europa League jokatzeko aukerea emoten daben postuak puntu batera ditu Valverderen taldeak eta kopako finalaurrekoa jokatuko dau laster. Beraz, garbi esan daiteke Athletic bizi-bizi heldu dala denporaldiaren tarte erabakigarrira.

Ernesto Valverdek Cadizen aurkako partiduan garaipen erosoa eskuratu eban hamaikakoa errepikau eban Mestallan. Erabagi lojikoa be bada, hamamaikako horrek aurreko partiduan lau gol sartu zituala kontutan hartzen badogu. Kontua da, Mestalla ez dala San Mames eta Cadiz ez dala Valentzia. Valverdek zelairatutako hamaikakoa desorekatuta ibili zan lehen zatian. Valentziako jokalariak errezegi iristen ziran zuri-gorrien ate ingurura. Vororen taldeak sartutako golak garbi erakutsi eban zuri-gorrien sendotasun eta antolaketa faltea defenditzeko orduan. Hori gitxi balitz, zuri-gorrien hamaikakoaren desorekeak ustez erasoko jokoa indartu behar baeban be, Sancet, Muniain, Berenguer, Raul Garcia eta enparauek gauza gitxi egin eben aurkariaren ate aurrean.

Ernesto Valverderen taldearen desoreka hain zan nabarmena, entrenatzaileak ez ebala itxaron bigarren zatira aldaketak egiten hasteko, normalean egiten dauen moduan. Oier Zarragaren zelairatzeak lehen zatian ez eukan orekea emon eutson taldeari. Horregaz batera, Oihan Sancetek askatasuna lortu eban bere jokoa egiten hasteko. Ondorioz, Valentziak ez eban arrisku handiegirik sortu Simonen ate aurrean eta Athleticek garaipenaren gola sartu eban.

Unai Simon izan zan Athleticeko jokalari onena Mestallan jokatutako partiduan. Egia esateko, Valverdek zelairatutako ganerako jokalarien lana ez zan nabarmentzeko modukoa izan, golen jokaldietan izan ezik. Bestalde, ezin esan harritzekoa danik atezaina izatea taldeko jokalaririk onena etxetik kanpo jokatuta. Zortzi bider jaurti eban Valentziak Unai Simonen atera eta zazpi geraketa egin ebazan Athleticeko atezainak, gehienak areaz kanpo egindako jaurtiketei erantzuteko. Gelditurik onena, Ilaix Moribari egin eutsan atetik oso hurre baloia orpoz jo eban jokaldian. Errefleju bikainak dituela erakutsi eban atezainak. Partidu serioa egin eban atezainak eta geratu beharrekoak geratu ebazan. Edozelan be, eta taldeko jokalaririk onena izan bazan be, nire eritxiz ez da puztu behar atezainak egindakoa. Simonek ondo bete eban bere lana eta kito. Pentsa lei atezainaren lana zenbat eta gehiago loratu orduan eta gehiago gitxiesten dala gainerako jokalarien lana. l