Ezustean jaso dau Athleticek denporaldiko lehen porrota. San Mamesen gertatu da istripua, zuri-gorrien gotorleku izan behar dan estadioan, garaipena eskuratzeko ezer gitxi egin eban Espanyolen aurka. Valverderen taldeak be ez eban merito handiegirik egin hiru puntuak lor-tzeko –gauza gitxi egin eben erasoan etxeko jokalariek bigarren zatian batez be– baina ez eban galtzea merezidu, inondik eta inora bez. Nuevo Mirandillako oldarraldiaren ostean, garbi geratu da, barriro be, Athleticek arazo handiak dituela aurkariaren atea zulatzeko. Egia esateko, Espanyolen aurka gertatutakoa behin baino gehiagotan ikusi izan dogu San Mamesen: Zuri-gorriak aukaria baino askoz gehiago izan bedartzan baina nagusitasun horrek isladarik izan ez markagailuan golik sar-tzeko gauza izan ez diralako. Kontuak kontu, lehen ez ginan hain onak eta orain ez gara hain txarrak. Espanyolen aurkako porrotak garbi erakutsi dau animazino harmailaren bultzadea ez dala nahikoa puntuak eskuratzeko Katedralean. Golak sartu behar dira.

Ligako laugarren jardunaldiaren atarian Athletic azken urteetako hasierarik onena egiteko moduan zan, Espanyoleri irabazita hamar puntu eskuratzeko aukerea eukalako lau jardunalditan. Partidurik irabazi barik eta puntu bakarra lortuta etorri ziren perikitoen aurka galdu ostean, baina, lehen hiru jardunaldietan puztutako globoa errementa egin da.

Ondo aztertzeko moduko datu dantzea itxi deuskue ligako lehen lau partiduek. Zuri-gorriek zazpi puntu lortu ditue hamabitik, erdia baino gehiago, eta sailkapeneko seigarren postuan dagoz Atletico de Madrid edo Realagaz bardinduta. Botilea erdi beterik ikusten jarraituta, Valverderen taldeak gol bakarra jaso dau lau partidutan eta gol gitxien jaso daben taldeen sailkapeneko bigarren postuan dago Bartzelonagaz bardinduta eta Vila-realen atzetik bakarrik. Botilea erdi hutsik ikusten dabenek ostera, nabarmendu leukie Athleticek lau puntu baino ez dauzala lortu San Mamesen jokatu dituen hiru partiduetan, erdia baino gitxiago. Horregaz batera, Valverderen gizonak gol bakarra sartu dabe Mallorca, Valentzia eta Espanyolen aurka etxean jokatu dabezan norgehiagoketan. Ganera, zuri-gorrien aurkari izan diran lau taldeak sailkapenaren beheko aldean dagoz. Beraz, botilea erdi beterik zein erdi hutsik ikusteko arrazoiak dagoz.

Datu objektiboak alde batera itxita, Valverderen taldeak itxi deuskuzan sentsazinoak positiboak dirala esango neuke. Ligako lehen lau partiduetan zelaian gertatutakoa ikusita, zuri-gorriek hamar puntu euki beharko leukiez. Izan be, Mallorcaren aurkako partidua irabazteko meritoak egin ebezan eta ez eben galtzea merezidu izan Espanyolen aurka. Baikor nengoan Cadizen irabazi ostean eta baikor nago San Mamesen galdu ostean be. Hori bai, Valverderen taldeak badauka zer hobetu, erasoko jokoan batez be. Izan be, aurkariaren ate aurrean Espanyolen aurka erakutsitako ezintasuna, Mallorca edota Valen-tziaren aurka be ikusi genduan, emaitzak bestelakoak izan baziran be.

Deigarri egiten jat zelan desagertu dan Asier Villalibre. Lehen jardunaldian titular izan ostean, ez dau minutu bat gehiago jokatu eta ia beroketa saioak egiten be ez dogu ikusi. Antzeko zeozer gertatu da Oier Zarragagaz. l