Athleticek ezin izan dau garaipena eskuratu Ernesto Valverderen hirugarren etapearen estraineko partiduan. Javier Agirre, Mallorcako entrenatzaileak argi eta garbi esan eban moduan, zuri-gorriek egin beharreko guztia egin eben partidua irabazteko, azkenean sari barik geratu baziran be. 2002-23 denporaldiko lehen norgehiagokan gertatutakoa sarritan ikusi izan dogu Katedralean. Etxeko taldeak goitik behera menderatu eban aurkaria, gol aukera ugari sortu ebazan baina ez zan golik sartzeko gauza izan. Ez da kontu barria, Aritz Adurizek taldea itxi ebanetik, Athleticek arazo nabarmenak ditu-eta aurkariaren atea zulatzeko. Halanda be, eta Ernesto Valverdek partidu osteko prentsaurrekoan esan eban legez, ez gara kezkatzen hasiko Ligako lehen lehian taldea golik sartu barik geratu dalako. Marcelinoren garaian ikusi ez genduzan alternatiba batzuk aurkeztu ebazan Txingurrik Mallorcaren aurka, erasoko jokoan batez be.

19

Las mejores imágenes del Athletic - Mallorca Pablo Viñas

Ernesto Valverdek erasoko jokoaren aldeko apostu garbia egin eban Mallorcaren aurkako partiduan. Ez eban aldaketarik egin atean zein atzealdeko lerroan. Hortik aurrera, baina, aldaketa ugari egin ebazan aurreko denporaldiagaz alderatuta. Hasteko, Oihan Sancet zelai erdian kokatu eban -aurreko denporaldi bietan baino atzerago- taldearen erasoko jokoa sortu daian. Horregaz batera, Iker Muniain erdiratu egin eban, Berenguer eskumako hegaletik ezkerrekora eroan eta Iñaki Williams erditik eskoiko hegalera. Hori guztia gitxi balitz, Asier Villalibre hasieratik zelairatu eban aurrealdean. Aspaldiko denporaldietako apostu erasokorrenak, baina, ez eutson garaipena emon Athleticeri, Mallorcaren atea zulatzeko aukera ugari sortu arren zuri-gorriak ez ziralako gol bakar bat sartzeko gauza izan. Egia esateko, Sancet, Muniain, Iñaki Williams eta Berenguer, taldearen erasoko jokoaren arduradun nagusiak, ez ziran fin ibili Javier Agirrek zelairatutako giza-hormea hausteko ahaleginean. Bost aldaketa egin ebazan Valverdek baina zelairatutako jokalariek ezer gitxi aldatu eben. Oier Zarraga izan zan onena, bigarren zatian zelairatutako jokalarien artean. Mikel Vesgak, zelai erdiko euskarri nagusiak, partidu ona egin eban, entrenatzaileak berak nabarmendu eban legez. Azpimarratzekoa da, aurreko denporaldietan minutu asko jokatutako Dani Garciak eta Unai Vencedorrek ez ebela minutu bat bera be jokatu. Nabarmendu beharrekoa baita be, Dani Vivianek eta Yerayk atzealdean erakutsitako sendotasuna. Horregaz batera, pozgarria da Yuri Berchiche barriro sasoian ikustea, igaz denporaldi makala egin ostean.

Valverderen Athleticek ilusinoa sortu dau zaleen artean eta ia 40.000 lagun egon ziran San Mamesen Mallorcaren aurkako partiduan. Ikusle asko dira oporraldian gagozala kontuan izanda. Bestalde, animazino harmailaren estraineko partiduan giro ederra egon zan Katedralean. Entrenatzaileak berak asko eskertu eban harmaila horren babesa eta esan dau asko emongo deutsola taldeari etxeko partiduetan.

Ezin amaitu, Adu Ares, hogei urteko aurrelari bilbotarraren debutak eragindako poza zabaldu barik. Txanponaren beste aldean, Mikel San Josek futbola iztea erabagi dau. Jokalari eta pertsona eredugarria Atarrabiako semea. Bestalde, polita izan da Aitor Iru, Athleticeko atezainen entrenatzailea, eta bere semea, Ander, alkarregaz ikustea San Mameseko bedartzan partidu aurreko beroketa saioan. Etorkizun handiko atezaina Iru gaztea, Lezaman egindako urteetan asko hazi ostean Pello Agirreoa edota Armando Ribeiroren eskutik.