Ostegunean Bilbora ekarri nituen autoan nire ama eta bere bi lagun. Eguna pasa nahi zuten: erosketak egin, buelta bat eman, bazkaldu... Ni neu nintzen gidaria, haiek hizketan ari ziren bitartean. Eta, konturatu gabe, elkarrizketak pisua hartu zuen. Gaurko munduaz ari ziren, gero eta zabalagoa den mesfidantzaz eta jaiotza-tasaz ere bai. Esaten zuten lehen askoz ere seme-alaba gehiago izaten zirela. Eta auzokoen ateak beti zabalik egoten zirela. Sartu eta atera egiten ziren etxetik, familiako beste norbait balira bezala. Haien esanetan, orduan tribua zegoen. Ez perfektua, baina hurbila. Gaur, ordea, ateak ixtera ohitu garela. Orain ia ez ditugu bizilagunak ezagutzen, laguntza eskatzeak lotsa ematen digu eta umeak haztea gero eta bakartiagoa da. Ados nago haiekin, baina iruditzen zait konparaketa egiten dutela lehengo bizimoduaren (beren gurasoena) eta gaur egungoaren artean (beren seme-alabena), konturatu gabe tartean beraiek daudela, eta haiek ere aldatu zutela dena. Nik, behintzat, ez dut hamar anai-arreba dituen lagunik, eta ez dut gogoan txikitan nire etxeko atea zabalik egoten zenik edozein bizilagunentzat. Hala ere, arrazoia dute. Azkenean, jaiotza-tasaren beherakadaz hitz egiten dugunean, ez gara soilik zenbakiez ari. Bizitzeko modu batez ari gara. Konfiantzaz, hurbiltasunaz, elkarri eusteko gaitasunaz. Agian arazoa ez da zenbat seme-alaba nahi ditugun, baizik eta zein mundutan ausartzen garen haztera. Eta hor, modernitateak eman digun erosotasunaren ondoan, zerbait garrantzitsua galdu dugun galdetu beharko genioke geure buruari.