Olentzero maitea, aurten berriro idazten dizut, ama baten ahots pausatuarekin. Ez dizut oparirik eskatzen oraingoan ere. Gustatuko litzaidake konturatzea zorte handia dugula ondoan dugunagatik. Etxera itzultzeko leku bat izatea, besarkada bat partekatzeko, mahai baten bueltan ospatzeko aukera... Ez dezagun ahaztu zoriona gauza sinpleenetan bizi dela. Mundua nekatuta dago, Olentzero, eta umeak ari dira, gehienetan, preziorik handiena ordaintzen. Palestinako haurrak datozkit burura, ametsak hondakinen artean bilatzen dituztenak, zeruari beldurrez begiratzen diotenak. Bidegabea da, Olentzero. Nire desioa da gerrarik ez egotea gehiago, ez Palestinan, ez inon. Negarrez bizi behar duen amatasunik ez izatea, sehaska hutsez betetako etxerik ez egotea. Ama izatea bizitza zaintzea da eta zaintza horrek ez luke mugarik izan behar. Pobrezia desager dadila, eta ez dadila egon gosez lo hartzen duen haurrik. Ez dizut mirari handirik eskatzen, kontzientzia baizik. Haur guztiak zoriontsu izan daitezela, eta helduok ikas dezagun gutxiagorekin gehiago sentitzen. Hitz txikiak dira, baina egia handiak. Egunero landu beharrekoak eta etxetik hasten direnak. Haurren aurrean erakusten dugun mundua direlako, gure keinuek zein gure isiluneek etorkizuna hezten dutelako. Olentzero, geratu zaitez une batez gure artean. Ikusi nola hazten diren beldurrak eta itxaropenak. Eta utz iezaguzu denbora gehiago elkar entzuteko. Ez dezagun presaka bizi zoriona. Agian horrela, apurka-apurka mundu hau samurragoa izango da. Eta umeak, nonahi, benetan haurrak izaten utziko ditugu.
- Multimedia
- Servicios
- Participación