Australiak 16 urtetik beherakoei sare sozialetara sartzea debekatuko die hurrengo asteazkenetik aurrera. Neurri bikaina! Zalantzarik gabe, haur eta gazteen babesa izan beharko litzateke gizarte arduratsu baten lehentasun nagusietako bat. Erabaki historikoa da, eta orain mundu osoak begira jarraituko du esperientzia honen ondorioak ezagutzeko. Aspalditik onartua dago algoritmoek gure arreta nola baldintzatu duten, bereziki gazteenean. Edukia ez da pasiboa: gure emozioak neurtzen ditu, erantzunak probatzen ditu eta denbora geroz eta gehiago xurgatzen digu. Horregatik, oraingoan ardura ez zaie soilik gurasoei eskatu; plataformek ere egin beharko dute beren partea. TikTok, Instagram, YouTube, Snapchat… denek frogatu beharko dute adingabeak beren zerbitzuetatik kanpo mantentzen dituztela, bestela isun handiak jaso beharko dituzte. Askok babesaren eta askatasunaren arteko orekaz eztabaidatzen badute ere, argi dago lehenetsi beharrekoa haur eta gazteen osasuna eta ongizatea dela. Sare sozialen arriskuak larriak dira garapen emozional eta mentalarentzat, eta ezin ditugu gazteak algoritmoen interes ekonomikoen esku utzi. Horregatik, neurri hau ona, ausarta eta beharrezkoa iruditzen zait; garaiz iritsi dela ere bai. Australiak eman du lehen urratsa, eta beste herrialde askok bide bera jarraitu beharko lukete, haurren etorkizuna eta ongizatea jokoan daudenean ez baitago atzerapausorik onartzerik. Teknologia gizartearen zerbitzura jarri behar dugu, ez alderantziz; eta orain, lehen aldiz, badirudi norabidea ongi markatzen hasi garela.
- Multimedia
- Servicios
- Participación