Azken hilabetetan gure goizak aldatu egin dira. Lehen, oinez joaten ginen eskolara, batzuetan bost minutuko ibilaldi lasaia egiten genuen, eta beste batzuetan, justu denboraz joatean, erdi korrika egiten genuen. Orain, Maia haurtzaindegian utzi ondoren, zuzenean Bilbora joaten naiz lanera, eta horregatik nire alaba nagusia eta biok autoz joaten gara eskolara. Junerentzat, hori da eguneko momenturik onena. Ez da distantziagatik, ezta erosotasunagatik ere; emozio hutsagatik baizik. Autoan sartzen garen unean, begiak distiratsu: “Ama, gaur ere nik aukeratzen dut abestia!”. Hori da gure tratua. Kanta bat aukeratzen du, eta horrekin egiten dugu bidaia. Normalean, bidaia horrek ez du irauten lau edo bost minutu baino gehiago, baina beretzat, minutu horiek abentura bat dira. Junek aukeratutako abestia jartzen dudanean, autoa kontzertu areto bat bihurtzen da. Biok abesten dugu, leihoak itxita, baina bihotzak zabal-zabalik. Nik ispiluaren bidez begiratzen diot: irribarre egiten du, erritmoan mugitzen da eta pozik dago eskolara iristeaz. Batzuetan pentsatzen dut ez direla abestiak berak zoriontsu egiten gaituenak, momentuak berak baizik: June eta biok, gure burbuilan, presarik gabe, eguna hasi aurreko tarte magiko txiki batean. Eta nik, egia esaten badizuet, eguneroko zurrunbiloan, eskertu egiten dut. Autoz egindako bidaia labur honek denbora konpartitua zein garrantzitsua den gogorarazten dit, kantuz, barrez eta konplizitatez betea. Izan ere, batzuetan, hiru minutuko kanta batek egun osoa alda dezake.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">