Munduaren geroari buruzko zalantzak handiak dira. Luzaroan ziurtzat jotako suposizioak eta arauak ere auzitan daude. Era berean, jabetuak gaude eskala zabalagoko erabakiek gurean sekulako eragina eta berehalakoa dutela. Giro nahasi horretan, ze iritzi, jarrera eta lehentasun ditugu munduko joerei buruz?
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2025eko maiatzean egindako iritzi-inkesta baten emaitzak aurkeztuko ditut. 18 urte eta gehiagoko pertsonen artean guztira 1.202 elkarrizketa egin ziren, kuotak sexuaren, adinaren eta herrialdearen arabera zainduta, eta eremu bakoitzeko biztanleria-banaketari kontu eginda, EUSTAT-eko datuetan oinarrituz.
1.- EAE norabide onean ala okerrean doan galdetuta, hamarretik ia seik (% 59,4) bide onetik doala adierazi du; % 22,2ak du bestelako iritzia, eta % 18,4ak ez du galdera erantzuten jakin izan.
Maila pertsonalean etorkizunari buruz nola sentitzen garen itaunduta, jarrerak banatuagoak daude. Izan ere, % 46,3ak baikor dagoela esan du, herena pasatxok (% 34,2) ostera ezkor, eta % 14,8 axolagabe ageri da.
Munduaren bilakaerari buruzko iritzi eta jarrerak beste tankera batekoak dira. Egonezina da sentimendu hedatuena (% 35,2), gero etsipena (% 28,3), urrunago ageri dira itxaropena (% 17,8) eta jakinmina (% 12), eta axolagabekeria % 6,7ak adierazi du. Sentimendu horien zergatia ulertzeko arrazoi batzuk jarraian azalduko ditugu.
2.- Azken hamabost urte eskasean hainbat krisi ondoz ondoko bizi izan ditugu. Etorkizuna irudikatzeko moduan krisi horietatik gehien zeinek eragin digun galdetuta, bi gailentzen dira: osasun krisia (% 29,5) eta Ukraina eta Gazako inbasioak (% 28,9). Bost puntu azpitik ageri da finantza-krisia (% 24,9), eta aise urrunago, hamarretik batek migrazio-krisia nabarmendu du (% 10,2), eta % 6,5ak krisi klimatikoa.
Krisiek oso ezberdin eragin dute pertsonen egunerokoan: % 53ak inguruari arreta gehiago ipini eta ardura handiagoa erakutsi duela adierazi badu, beste % 47ak erantzun du orainari probetxu ateratzea bilatzen duela.
Azkenaldian hamarretik seik (% 61) Europan gerra konbentzional baten arriskua sentitu du (% 39ak ezetz dio). Nazioarte-mailan kezkarik handiena zerk eragin digun galdetuta, berriz, lehenengoa krisi ekonomikoa da (% 21,5). Segidan gerra ageri da (% 20,8), eta jarraian balioen eraldaketa (% 16,2), kaleko segurtasuna (% 15,1), desberdintasun sozialak (% 15,1), aldaketa klimatikoa (% 7,2) eta inmigrazioa (% 6,6). Horren arabera, herritarren orientazio kulturalean aldaketa igarri daiteke, segurtasun fisikoak eta ekonomikoak garrantzia berreskuratu dute, eta joera berrien adierazlea dira.
Guztiarekin, Europar Batasunak (EB) bere burua babesteko gaitasuna % 21ak soilik sumatzen du, eta % 55,2a ezezkoan dago; % 15,9ak ez dakiela adierazi du (eta % 7,9ak ez du erantzun). Horren aurrean, % 27ak segurtasun fisikoa babesteko defentsa-gastua igotzearen alde egin du, ia erdiak (% 48) ezetz adierazi du, eta % 25ak egoeraren arabera aukerakoa izan daitekeela lehenetsi du. Jarrerak argiago daude hainbat herrialde europarren antzera gurean ere zerbitzu militarra berrezarri behar den galderari emaniko erantzunetan: % 74ak ezetz esan du, % 12ak baietz, eta % 14ak egoeraren menpe utzi du bere erabakia.
Egin kontu, bestetik, EAEko lehentasunei buruz galdetuta eman ohi diren erantzunekin alderatuta (etxebizitza, auzi ekonomikoa, osasuna), eskala globaleko auzietan kezka sozialak beste batzuk direla. Hari beretik, EAEn ze krisik gehien eragingo duen galdetuta, hauek dira emaitza orokorrak: muga-zergak ezartzea (% 38,8), deriba autoritarioak (% 25,9), gerra (% 25,5), ziberespazioa eta kanpo-injerentziak (% 6,5) eta Txinaren nagusitasuna (% 3,3).
3.- Giro horretan, hainbat dilema geopolitikoren inguruan ere galdetu dugu. EAEk -eta Europak- munduko bazkideak hautatzeko irizpideaz galdetuta, hamarretik ia zazpik (% 69) balio eta printzipio partekatuak izatea hobetsi du, eta % 31k interes praktikoak eta komertzialak lehenestea adierazi du.
Alabaina, aliatu bat aukeratzekotan, % 29ak AEBen alde egin du, % 24,4ak Txina nahiago izan du, Errusia % 2,4ak aukeratu du, eta % 12,2ak “Beste bat”; arreta merezi du % 31,9ak “Bat ere ez” aukeraren alde egin izana.
Aldiz, etxez aldatu eta beste herrialde batera mugitu behar izatekotan, % 65,5ak AEBak aukeratu du, eta nabarmen urrunago daude Txina (% 27,5), Errusia (% 4,7) eta Israel (% 2,3).
4.- 2030 urtean mundua nola egongo den galdetuta, berriz, hauek dira erantzun nagusiak: % 43aren ustez “Mundua hainbat eremutan banatuta egongo da eta eremuetako bakoitza potentzia batek zuzenduko du”; % 23ak adierazi du Txina izango dela mundu egonkortu eta tentsio handirik gabekoan liderra; “Potentzia berriak sortuko dira eta ezegonkortasuna haziko da” % 18ak aukeratu du, eta, azkenik, % 16ak “AEBak izango da munduko liderra, nahiz eta beste potentzia indartsu batzuk egon” aukera hobetsi du.
Etorkizun hurbil horretan, hamar urtera EBren egoeraz galdetuta, gehiengoak (% 60,5) adierazi du bere geroa deserosoa izango dela, baina eutsiko diola nazioarteko agertoki berrian ahots entzungarri eta zentzuduna izateari. Horren aurrean, mutur banatan kokatzen dira “Indartsuagoa eta kohesionatuagoa” (% 22) eta “Zatikatua eta noraezean” (% 17,5) iritziak lehenetsi dituztenak. EAEren geroari buruz, berriz: % 81ak “Egokitzen jakingo du” lehenetsi du, eta % 19ak “Atzerakada eta geldialdia” iragarri du.
Halere, % 71k uste du EBk ez duela AEBen eta Txinaren mailan potentzia global modura jarduteko modurik, eta soilik % 21ak erantzun du baietz (% 8ak ez dakiela erantzun du). EBk bi herrialde horiekin izan beharreko jarrera eta portaeraz galdetuta, ñabardura ugari azaleratu ditzakegu.
EBk hamar urte barru Txinarekin zer-nolako harremanak izango dituen galdetuta, ia erdiak (% 48,2ak) harremanak indartu eta hobetzea espero du, eta soilik % 5,2ak du gogoko harremanak apaltzea. AEBei buruz eta herrialde horrek duen esanahiaz galdetuta, % 46,9ak esan du beharrezko bazkidea dela eta arlo estrategikoan kooperatzearen alde agertu da; % 20,8ak etsai bezala dakusa, % 15,3ak lehiakide modura, soilik % 6ak erantzun du aliatu bat dela (interesak eta balioak konpartitzen ditugun heinean); % 11ak ez dakiela zer erantzun aitortu du.
Alde horretatik, EBk AEBen eta Txinaren aurrean zer-nolako jarrera hartu behar duen itaunduta, %60ak adierazi du “EBk Txinarekiko politika argitu beharko luke, AEBri zeharretik begiratu gabe, nahiz eta erabakiak AEBekin tentsioak ekarri”; % 20ak, ostera, “EBk laguntza irmoa adierazi behar die AEBei, nahiz eta horrek Txinarekin izan ditzakegun harremanetan eragin” erantzuna hobetsi du; beste % 20 batek galderari zer erantzun ez dakiela esan du.
5.- Orri honetan iritzi-inkestako galdera batzuk hautatu ditut. Datu orokorrak eta deskriptiboak ematea hobetsi da, irakurkeak berak bere kabuz datuen interpretazioa egin dezan. Bestetik, jakina, lagungarria da emaitza horiek aldagai demografikoak eta jarrerazkoak (politikoak eta ideologikoak) kontuan hartuta bereiztea. Hurrengo lanetan horri ipiniko diogu arreta. l
Mondragon Unibertsitateko irakaslea