Urtero, maiatzaren 18an, munduak Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzen dau. Egun berezi horretan, kulturgune horreek gure gizartean beteten daben funtsezko zereginaren hausnarketea egiten dogu, baita funtsezko zeregin hori errekonozidu be.

Halanda ze, globalizazinoak eta digitalizazinoak gure kultura-esperientziak moldatzen dabezan testuingurua, ezinbestekoa da zalantzan ipintea zer esan gura dauan gaur egun museora joateak.

Museoak ez dira bakarrik antxinako objektuen bildumak edo erakusketa modernoak; historiaren, kulturaren eta nortasunaren zantzuak be badira. Horrek esan gura dau zibilizazinoen ondarearen jagole lez jardungo dabela, eta aurreko, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek alkarri eragiteko espazioa eskaini. Izan be, krisi garaiak, pandemiak, gatazka sozialak, orain dala aste batzuetako itzalaldiak eragin euskuen sentsazino arraro hori sentitzen dogu hondino... Eta, orduan, hareen papera are garrantzitsuagoa da, aterpea eta komunidade zentzua eskaintzen dabelako. Halanda guztiz be, museo askok erronka esanguratsuei egin behar deutsee aurre, finantziazino faltatik hasi eta euren ikuspegiak gero eta publiko desbardinagoetara egokitzeko beharreraino.

Museoen Nazinoarteko Egunak konbidetan gaitu hareen garrantzia barriz aztertzera eta proposamen barriak egitera, hau da, parte hartzeko, inklusiorako eta iraunkortasunerako modu barriak proposatzera. Beti dago hobetzeko tartea, eta pausuak emoten jarraitzen dogu; izan be, orain dala gitxi, Bilboko Udalagaz eta BBK Fundazioagaz batera, Gertu Kultura Bizkaia aurkeztu genduan. Programa horrek zubi egonkorrak sortzen dauz kultura- eta gizarte-sektoreen artean, eta beharrezko loturak be sortzen dauz beste esparru batzukaz, esate baterako, osasunagaz, persona guztientzako kultura irisgarriago baterantz aurrera egiteko.

Aurten, Museoen Nazinoarteko Kontseiluak (ICOMek) proposatu dauan gai nagusiak jasangarritasunean zentratzera bultzatzen dauz espazioak. Klima-aldaketearen eragina ukaezina da, eta museoen ardurea da praktika jasangarriagoetan heztea eta horreen alde egitea. Bisitariek, esperientzia parebakoa eukiteaz ganera, gure inguruneko hauskortasunaren gaineko kontzientzia barriztua eroan behar dabe.

Museoek alkarrizketarako espazioak be eskaini behar dabez. Eretxi eta sinismen dibergenteek zatikatutako munduan. Leku horreek alkar ulertzeko zubiak izan leitekez, non hainbat talderen ahotsak entzungo diran eta balioa emongo jaken. Izan be, askotariko narratibak sartzeak, bildumak aberastu ezeze, gizarte-ehuna be indartzen dau.

Museoen Nazinoarteko Eguna gure konpromiso kulturala barritzeko aukerea be bada. Gutako bakotxari konbita egiten deusku jakinguraren eta ikaskuntza etenbakoaren balioa barriro topetako. Museora joatea transformetan gaituan esperientzia izan leiteke, gure errealidadea zalantzan ipintera eta inguruan dogun mundua hobeto uler-tzera garoazan esperientzia.

Euskal Herriaren ezaugarrietako bat beti izan da inguruabarrei egokitzen jakitea, bere funtsa galdu barik.

Erresilientziaren kontzeptua onartuta, modu intuitiboan, aldaketak eta krisiak hobetzeko une bihurtzen adituak gara. Albert Einsteinek inoan moduan “Zailtasunaren erdian dago aukerea”.

Bizkaiko museoek gure historia eta gure idiosinkrasia jasoten dabe, eta errealidade aldakorretara zelan egokitu dan erakusten eta azaltzen deuskue: antxinako arrantza eta teknika barriak, burdinola zaharretatik labe garaietara, burdinaren ustiapena, arte erlijiosoa, zibila, arte modernoa eta garaikidea...

Hori guztiori, gure museoetan dago, 45 museotan, hain zuzen be, gai desbardinetakoak, era desbardinetakoak, tamaina desbardinetakoak... tradizionalak, apur-tzaileak, aire zabalekoak...

Baina guztiak kalidade handikoak eta, batez be, inguruan daukien komunidadeagazko lotura estua daukienak.

Horregaitik da hau gure aurtengo leloa: Bizkaia museoz museo. Merezidu dau lurraldeko museoak ezagutzea eta hareetara parajetzea, gure kulturaren alderdi desbardinez gozetako, ikasteko eta horreetan sakontzeko guneak dira-ta.

Museoen Nazinoarteko Eguna, ospakizunaz gainera, ekintzarako deia be badala aldarrikatu gura neuke. Museoek konbita egiten deuskue gaur egungo gizartean daukien paperan barriro pentsetako eta museoen bilakaeran aktiboki parte har-tzeko. Hori egitean, iraganagaz daukagun lotura sendotzeaz aparte, etorkizun kon-tzienteago eta iraunkorrago bat eregiten dogu.

Honaino iritsita, derrigorrezkoa egiten jat Euskararen Etxea aurrera ekartea eta barriz zoriontzea. Izan be, oraintsu, Europako Museo Onenaren 2025eko saria jaso dau Europako Kontseiluko Kongresu Parlamentarioko Kultura Batzordeak antolatutako ekitaldian.

Europako Kontseiluaren Museo Onenaren Saria kultura, hezkuntza eta giza eskubideen sustapenean nabarmentzen diran Europako museoei emoten jake. Sari horren helburua da museoek aldaketarako eragile lez daukien garrantzia nabarmen-tzea, gizartean garrantzitsuak diran gaien gaineko hezkuntza eta kontzientzia sustatuz. Urteetan zehar, Europako hainbat museok jaso dabe sari ospetsu hori, kultura-askotarikotasuna eta gune horreek gizarteari eskaini leikioen ikuspegi desbardinak islatuz. Errekonozimentu horrek azpimarratzen dau, era berean, museoak garrantzitsuak dirala Europa osoan balio komunak sustatzeko; berbarako, bakea, demokrazia eta gizarte-kohesinoa.

Sari horrek, kudeaketearen eta bisitariaren esperientziaren bikaintasuna autorten dau, eta beste erakunde batzuk be bultza-tzen dauz euren beharrean ikuspegi barritzaile eta arduratsuak hartzera. Halanda be, erronka bat geratzen jaku: gure euskal komunidadeak erreferentziazko zentro hori ezagutzea eta bisitetea.

Erabili aukerea!