MICK Jagger ez zitzaidan gustatuko gure alaben senargaitako, baina gustura eramanen nizkiokeen maletak bira amerikar batean. Julio Iglesiasekin, berriz, ez dut uste aldameneko ostatura ere joanen nintzatekeenik. Zer erranen, beraz, gainerakoaz den bezainbatean. Itxuraz haun mundu desberdinetako ordezkariak diren bi gizon hauek ia-ia bateratsu gainditu dute 80 urteen muga. Ez dakit gure Juliok nola ospatu dituen bere zortzi hamarraldiak. Ez naiz behar bezain erne ibili. Mick diskoteka batean agertu da, puskaz gazteagoko emakumeek inguratua, dantzan, hogeita guti urtetan I Wanna Be Your Man kantatzeari ekin zionean bezain gogotsu. Egia izan behar Stoneek gaztetasuna betikotzeko deabruarekin sinatu duten hitzarmena, nahiz eta aldian behin taldeko buruari egiten omen dizkioten odol transfusioak ere txori-kaka ez izan. Izan ere, ez dira guti kantari britaniarraren gainean ibili diren erran-merranek. Andreekiko arrakasta –eta tratu nola-halakoa– horietariko bat da, urteek apaldu baina, fama denez, aienatu ez dioten grina. Kasualitatea ala ez, haren kintoa, Julio, kide omen du iraungitze data konplitu ez duen zaletasun horretan. Legenden eremukoa omen da kantari gailegoaren konkisten kontaduria. Kronikei kasu egin behar badiegu, ehunka. Edo milaka. Edo hamar milaka. Nolanahi ere, munduko gizon gehienak bekaizkeriaz gorritzeko bezainbat. Ez da, jakina, bi agure hauek kidetzen dituen kontu bakarra. Mick nahiz Julio kantuan eta ohean bezain trebe ibili izan dira dirua metatzen. Etxeak, jauregiak, hegazkinak, yateak… Aise dabiltza omenak bataren eta bertzearen fortunaren tamainaz. Aspaldiko birigarro bihurria eta beti-betiko morroi nazkagarriki formala aberats okituak dira egun. Abiaburu desberdinetatik helmuga berera ailegatu dira beren 80. urte honetan. Eszenatokietan beharbada ez; bizitzan antzeko musika jotzen dute aspaldi Mickek eta Juliok.