BILBOKO alkate jaunari entzun diot oso kezkatuta dabilela, Frantziako Tourra gurean hasiko dela eta, garai hartan mota guztietako lo-lekuek izango duten prezioen igoerarekin. Badirudi hotelak, pisu turistikoak, landa-turismoak, kanpinak eta gainerakoak prestatzen ari direla negozio handiak egiteko. Betiko kapitalismoren eskaintza eta eskariaren legea, badakizue. Bilboko alkateak sektoreari arduraz jokatzeko eskatu dioenean, irribarre egin dut nahi gabe (sektorekoak barrezka ariko dira). Izan ere, azken aldian askotan entzuten da antzekoa; edozein igoeraren aurrean beti agertuko zaigu agintariren bat banketxeei, elikagai-banatzaileei edo enpresa elektrikoei eskari berbera egiten: arduraz joka dezatela. Ezintasuna baino ez dut ikusten eskaera horietan. Ezin dute ezertxo ere egin edo ez dute ezertxo ere egin nahi? Bizi garen sisteman bizi garela, bietatik egongo da, baina jendearen belarriak eztitzeko aukera ez dute galduko, hori ez.

Bilboko alkate jaunari entzun diot lo-lekua eskuratzeko 8.000 euro ordainduko duenak ez duela “esperientzia” on bat izango, baina nik pentsatu dut 8.000 euro duenak horretan bakarrik gastatzeko beste hainbeste edo gehiago izango duela “esperientziak” nahi adina erosteko. Bilboko alkate jaunaren xalotasuna benetan hunkigarria iruditu zait. Bestalde, ez al dabiltza turismoaz arduratzen diren agintari guztiak erosahalmen handia duen jendearen atzetik?

Kontua ez dagokio Bilbori bakarrik, jakina, apurka-apurka ikusiko dugu nola igotzen diren hotelen eta abarren prezioa gure hiri eta herri guztietan. Agian guztioi negozioa egiteko garaia iritsi zaigu, eta gure etxeak hustu beharko genituzke etorriko den tourzale andanari lo-leku egokia eskaintzeko, garesti eskaini ere, txirrindularitza maite duen herria izateaz gain, herri enprendedorea garela mundu osoari erakusteko.

Nire lagun eskoziarrak Tourra ikusteko etorriko dira. Abenduan erreserbatu zuten lekua kanpin batean, ez dut esango non, baina ez Bilbotik gertu. Ezaguna da eskoziarrek xuhur fama dutela.