Oinezkoren bat errepidea modu arriskutsuan zeharkatzen ikusten dudan bakoitzean, neure artean esaten dut: hara, han doa beste hilezkor bat. Zehatzago esateko, laurogeiko hamarkadan hain famatua izan zen pelikularen gaztelerazko izenburua datorkit beti halakoetan burura: “Los inmortales”. Egia esan, bidea arriskuak kontuan hartu gabe zeharkatze hori bada gehienok gure hilkortasunaren aurrean dugun jarreraren erakusgarri edo adibide bat. Izan ere, praktikan sekula hilko ez bagina bezala bizi gara.

Guzti honetaz pentsatu dut Cristina Fernández de Kirchner Argentinako presidente ordearen kontrako atentatuaren irudiak ikustean. Imajinatzen dut une honetan oso presente izango duela berak bere hilezkortasuna. Akats tekniko bati esker dago bizirik. Gaur hilda egon zitekeen. Baina, ez ahaztu, baita gu ere. Eta ez ahazteko esaten dut, benetan pentsatzen dudalako hori presente edukitzea gure eguneroko bizitzan lagungarri dela gehiago kaltegarri baino.

Heriotzari eta gure hauskortasun eta hilezkortasunari bizkarra emanez bizi gara. Gure heriotzaz pentsatzeak ikaratu egiten gaitu eta beldurrezko pelikulak ikusten ditugunean bezala, eskuekin estaltzen ditugu begiak heriotzaren irudia aurrean jartzen zaigunean.

Argi daukat, hala ere, heriotzaz pentsatzeak ez duela gure bizitza tristeagoa edo ilunagoa egiten, guztiz kontrakoa baizik. Eta honen erakusgarri da hiltzeko zorian egon diren pertsona askoren jarrera. Nik ezagutzen ditut batzuk, bat bereziki. Hiltzeko arriskuan egon zen bihotzeko baten ondorioz. Benetan larri egon zen. Eta esango nuke ordutik, osasun arazo larri hura gainditu zuenetik, kontzienteagoa dela bizitzaz, duenaz gozaten ikasi duela, gehiago baloratzen dituela lagunak, adibidez, eta bizitzak noizbehinka eskaintzen dizkigun zoriontasun printza fin horiek.

Gehienoi ez digu inork pistola bat jarri buruan, baina ez litzateke beharrezkoa halako “hiltzeko moduko susto” bat izan behar bizirik egotearen garrantziaz ohartzeko. Bizirik gaude. Ez ahaztu. l