Inbidia sentitzen dut beti norbait bere lana pasioz eta gogoz egiten ikusten dudanean. Ikusten dudanean norbait proiektu batekin emozionatuta, edo aisialdian egitea gustatzen zaion zerbait egiteko gogo handiaz, edo ilusioz etorkizunerako planak imajinatzen, zein zorionekoa den pentsatzen dut. Eta arretaz begiratzen diot, horrela, egiten duenarekiko sentitzen duen grin hori, urre likido hori, nireganatu ahalko banu bezala.

Aste honetan pertsona horietako bat hil da, Iñaki Añua. Berrogei urtez Gasteizko Jazzaldiko zuzendaria izan zenaren heriotzaren berri izan bezain laster gogoratu nuen urtero galdetzen zidala, begiak harrotasun eta ilusioz piztuta, zer iruditzen zitzaidan edizio horretako kartela. Beste askori egiten zion galdera bera, urtez urte, eta, egia esan, erraza zen erantzuna, hainbatetan programatu baitzituen kilate handiko kartelak.

Jende askok eskertu dio egunotan Gasteiza ekarri izana Miles Davis, Sonny Rollins, Pat Metheny, Ella Fitzgerald, Wynton Marsalis, Sarah Vaughan, John Scofield edo Bill Frisell bezalako izen handiak; baita XXI. mendeko zikloaren bidez, aurkikuntza handiak izan diren artista ez hain ezagunetara hurbiltzeagatik ere bai.

Nik, jakina, hori guztia eskertzen diot asko gozatu dudalako Mendizorrotzan eta ziur aski jaialdi honi esker gustatzen zaidalako jazza (baita nire neba nagusiak etxean zituen diskoengatik ere). Baina, horren gainetik, zuen gogo bizia, pasioa, eskertu nahi diot, erakutsi baitigu proiektu edo amets batean benetan sinesten duzunean, urrunera iristeko osagai garrantzitsuenetako bat duzula.

Horrelako jaialdi bat ezin da antolatu jazzarekiko pasiorik gabe, oro har musikarekiko baldintzarik gabeko maitasunik gabe. Atzean pertsona bat egon behar da, beste guztiei, antolatzaile-taldeari berari, erakundeei eta babesleei, komunikabideei… bultzada emango diena eta gogoaz kutsatuko dituena. Eta horregatik, bihotzez eskertu behar diogu egindako guztia. Eskerrik asko, Iñaki.