JOAN den astean Alauda Ruiz de Azúaren Cinco lobitos pelikula ikusi nuen. Eta miraria gertatu zen. Bizitzak noizbehinka ematen dizkigun nahigabe horietako batengatik halako mingostasun batekin sartu nintzen zinemara, baina pelikulak eragin zidan emozioak guztiz aldatu zuen nire aldartea. Piztu egin zuen nire gogoa. Hala, beste behin egiaztatu nuen zineak, musikak, literaturak, antzerkiak… bizitza salba diezaguketela. Eta ez gustatzen ez zaigun mundu batetik urruntzen gaituztelako, bizitza gertuagotik ikusteko aukera ematen digutelako baizik. Fikzioaren bitartez besteen bizitza gertutik begiratuta, gure zauri, nahigabe, poz eta emozioak unibertsal bihurtzen dira, bat batean ez dira gureak bakarrik eta hobeto ulertzen ditugu. Fikzioaren boterea esperimentatu nuen berriro, nola sartzen den gure azalean zorroztutako orratz baten antzera eta nola hitz egiten digun gertatzen zaigunari buruz.

"Gure emozioak elikatuko dituzten esperientziak behar ditugu, gizakiago sentiaraziko gaituztenak"

Filma bikaina iruditu zitzaidan eta aktoreen lana opari bat. Eta nik uste horrelako opariak bereziki estimatzen direla pertsonak inoiz baino gehiago bezero eta kontsumitzaile gisa tratatuak garen garai batean; utilitarismoaren garaian, zeinean baliogabekotzat jotzen den zenbakitan, produkzioan edo eurotan kuantifikatu ezin daitekeen guztia. Horren aurrean, gure emozioak elikatuko dituzten esperientziak behar ditugu, gizakiago sentiaraziko gaituztenak, mundua ulertzeko eta zalantzan jartzeko gogoz beteko gaituztenak, mundu berriak irudikatzeko gaitasuna eskainiko digutenak.

Ez dago ikaskuntzarik emoziorik gabe. Ideia arrazionalek emozio estetikoaren beharra dute afektiboki jasoak izateko. Sentitzen dena ikasten da bakarrik. Mundua ulertzeko, edertasunak sortzen digun emozioa behar dugu. Horregatik, hain zuzen ere, behar dugu kultura: zinema, antzerkia, pintura, literatura… Ezertarako balio ez duten behar-beharrezko guzti horiek. l