ENBAT buru hainbat aburu esaerak dotore adierazten du sarritan bizi izaten duguna, iritziak trukatzea osasuntsua dela uste dugunok estimatzen baitugu arrazoi batzuk eta besteak eztabaidan jartzea. Antzinako Greziarren ekarria dugu agora edo hiri-plaza, merkataritza-gune izateaz gain, eztabaida filosofiko eta politikoen sortzaile eta entzuleen topa-leku eta herritarren elkarbizitza eskola eraginkorra izan zena.

Urte batzuk baino gehiago dauzkagunok asko ikasi dugu gure aurrekoengandik. Irakurtzen ere ia ez zekiten jakintsu haiengandik jaso genuen errespetuzko eztabaidak egiteko hazia den elkarrizketarako ohitura. Aingerurik ez dagoenez munduan, bai orduan eta baita orain ere, elkarrizketek eztabaidari bide eman ordez errietaraino muturtzen da baztuetan bidea, kideari errespetua galtzeraino.

Kultur-ohituren bizitzan 30-40 ez dira asko. Inozoki uste izan genuen eztabaida politiko sakonen ondoriozko erabaki demokratikoak geratzeko zirela, bizitza demokratikoaren aldeko urratsek ez zutela atzera egiterik. Baina oraingo agora hauek aurkakorik ere erakusten dute.

Honen adibide bat, aste honetan bertan euskal administrazioaren hizkuntz-eskakizunen auziak 1996ra egin duen atzerako bidaia. Ematen du aurkariaren egoera kaxkar eta ahul somatzen denean eta norbere jarrera edo abantaila-egoera arriskuan ikusi ez, apurtxo bat hobera egiteko neurriak txalotu edo, gutxienez, onartu egiten ditugula. Baina txiki izandako hori handiten hasi eta norbere tamainara hurbiltzen denean, gailendu gaitzan beldurrez edo, jarrerak zeharo alda-tzen dira. Ala inork uste al du orain 40 urte onartu genuen euskararen Legeak orduko pareko babesa izango lukela gaur?

Badira agorak -errealak zein birtualak- bakarrizketatik aurrera ez doazenak. Halere, tresna teknologikoak elkarrizketaren lagun izan daitezke eztabaida sortzailea areagotzeko eta baita bakarrizketaren zuloan sakonago murgiltzeko ere. Gurea da hautua. Asmoz eta jakitez, beti bezala.