ETRA hauek idazten ari naizen bitartean, Bilboko Arriaga antzokian makina bat euskaltzale euskal literaturak eman duen perla horietariko baten (Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria) zatiak irakurtzen ari dira, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ohi duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea izeneko ekimenaren barruan.

Modu batean edo bestean, hunkigarria izaten da ahots-tonu anitzetan euskarazko nobela bera lei-tzen duten pertsonak ikustea eta entzutea. Nork bere kirioak dantzan dituela, nork bere ahoskera finarekin, nork bere euskara-modu horrekin. Bai eta jende paketa hori guztia euskarazko literatura lau haizetera zabaltzen aritzea ere, urrezko lanek hala merezi baitute sinetsita baitaude.

Ingurumaria horretan, Arraiaga Antzokiaren foyer horretan, Saizarbitoria zebilen atzo, irrati eta telebistako kazetarien errekerimenduan itota, urduri eta presionaturik. Ez da lehen lerroko gizona.

Astebete lehenago, toki berean zegoen idazlea ekimenaren antolatzaileekin batera irakurraldia aurkezten. Guztiek hitz eta laudorio ederrak luzatu zituzten Martutene eleberriari buruz mintzatzerakoan. Azkenik, Ramon Saizarbitoriak hitza hartu zuen, eta eleberriaz apunteren bat haizatu ostean, makina bat kezka bota zituen euskarari berari buruz, eta radiografia ezin egokiago bat osatu zuen gure hizkuntza zaharraz.

Esaldi bakoitzak egia berdaderoaren antza har-tzen zuen bere ahoan, tartean ia guztiok identifikatzen gaituen hau: “Momentu oro zaude zure euskalduntasuna nola bizi ez dakizula; zalantzan, zure umorearen, gogoaren eta militantismoaren arabera aurrean daukazun pertsonari, dendari, funtzionario edo dena delakoari, zein hizkuntzatan hitz egin behar diozun”. Bata bestearen atzetik harildu zituen esateko haiek guztiak, arrazoituz, modu kirurgikoan ia, edadetua eta eskarmentu handiko pertsona baten begiradatik abiaturik. Tristeziaz ere esaten zituela ematen zuen: “Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat.”

Itauna hau izan liteke: euskara, ez ote duka jada kemenik hire hatsa sendotzeko?