OLOREETAKO azalak ezberdintzen gaitu, baina pigmentazioan baino ez. Melanina da kolore-paleta horren erruduna. Askorentzat baina, juzku txarreko aurriritziak eta gorrotoak sortzeko detonantea izan da epidermis hori, eta hortik zabaldu dira estereotipo negatibo inposatuak.

Geopolitikak ere oso argi dauka zein lurralde, zein populu, eta zein biztanle dira babesgarriak eta zein ez. Ukrainan sortu den gatazka horretan hiltzen ari direnak azal zuriko pertsonak dira, gure antzekoak, gure bizimodu arruntaren antzeko bizimodu arrunta darabiltenak, hipermerkatuetara, kontzertuetara, jolas-parkeetara, arratsalde batean zerbeza batzuk hartzera joaten direnak. Gure begirada kosmopolitan, azal zurikoak eta mendebaldekoak.

Gainera distantzia geografikoaren kontua ere badago. Europako mutur batean gertatzen ari da iskanbila belikoa, hemendik 4000 kilometrora, egun batzuetan kotxez egin daitekeen bidea baino ez dago. Horrek guztiak sortzen digu alarmarik eta kezkarik handiena, gu bezalakoak direlako albo kalte horiek. Baina nortzuk ez dira bada, gu bezalakoak?

Duela egun batzuk, Madeleine Albright Ameriketako Estatu Batuen Atzerri politikaren arduraduna hil da. Hori ere azal zuri-zuriko amama bat. Bera NATO zabaltzearen aldekoa izan zen, eta AEBk egindako hainbat inbasio bultzatu zituen. Behin, Irakeko Golkoko Gerran egindako sarraskiaz itaunduta esan zuen milaka ume bertan hiltzea ordaindu beharreko prezio justua izan zela. Esaten da ia 500 mila haur hil zirela garai hartan (zenbakiak dantzan beti).

Bada, nik ez dut masakre hori gogoratzen, agian beste kolorekoak edo zuriak ez zirelako, agian urrunegi zegoelako ekialdeko Irak hura, agian distantzia hori ezin delako kurritu kotxe batean bizpahiru egunetan, agian zerbezak ez dituztelako hartzen poteoan, agian Asia bertan hasten delako, eta dokumentaletako desertu mortua baino ez dagoelako.

Kanpoko hildakoak ziren, eta gaur egun ditugunak oso ondo kokatzen eta ederki ikasi dugun Mariupol herrikoak dira, mundu eta arraza zurikoak, eta gure kontzientzia prebisibleak badaki zer den hori.