RTE dezentetan dabiltza trebiñarrak bertan duten egoera geografiko-sozio-politiko aldrebesa salatzen. Arabaren erdian daude kokaturik, baina espainiar gobernu batek xurgatzen ditu. Burgoseko instituzioekiko dependentziara bultzatzen ditu Gaztela eta Leongo gobernuak, derrigorrezko harreman administratibo eta juridiko horrek sortzen dituen desorekak eta kalteak kontuan hartu barik. Adibidez, bertako herriek euskararen alde antolatu dituzten planen kontra neurri judizialak hartu eta inpugnatu dituzte. Gaztela eta Leongo legediaren barruan euskara ez da aintzat hartzen administrazioan, ez eta irakaskuntzan ere, euren aburuz gure hizkuntzak ez baitu Gaztela eta Leongo ikastetxeetan ikasteko inolako bermerik.

Bertako arabarrek ezin dira arabar euskaldunak izan. Betiko borroka da. Eta betiko desadostasunak haizatzen eta horien konponbidea aldarrikatzen den arren, derrigorrezko afiliazio horrek dirau. Halarik ere, hegemonia horren kontrako ahotsa duela gutxi erakutsi da berriz, eta argi eta garbi gelditu da gobernu arrotz horrekiko destaina.

Erakustaldia honakoa izan da: Gaztela eta Leongo hauteskundeetan bertako biztanleek Trebiñu Araba dela argi utzi dute eragin duten %63ko absten-tzioaren bidez. Hortaz bertakoek ez dute Gaztela eta Leongo lurraldeaz ezer jakin nahi.

Beste aldetik, Espainiako lurralde horren emaitza orokorrak ezautzen ditugu: PPk boto gehien (baina aldaketa estratosferikorik gabe) jaso zuen alderdia izan zen. Pozik egongo da, baina orain beste arazo handi bat dauka. Bertako presidenteak, Alfonso Fernandez Mañuecok, ezin izango du bakarrik gobernatu, eta denok dakigu hiru letra dituen alderdi ultraeuskuindarrak eta xenofoboak gorakada handia izan duela. Eskuina faxismorantz ari da jotzen tai gabe, eta bigarrenak gobernuan egon nahi du. Seguruenik, planta ederrak egingo dituzte elkarrekin ez agertzeko, ezkontide onak ez direla adierazteko, baina unea heltzen denean denok laudorioetan hasiko dira.

Kezkagarriena da zernolako lasaitasunez onartu den ultra eskuina. Normaltasun hori ultra eskuina bera baino kezkagarriago da. Zinez.