ORMALTASUNERA joko duten aldaketak datoz pixkanaka, pandemiak berak hala erabaki duelako, eta gaixotasunari buruzko azken datuak gero eta positiboagoak direlako.

Gaurtik aurrera, hainbeste egunetan eta esparrutan erabili dugun musukoa ez da derrigorrezkoa izangoa kaleetan barna. Espainiako Osasun Ministerioak neurri hori arintzea erabaki du, baina besteren batek bere horretan dirau, eta hortaz, aldaketa ez da hain nabaria izango (aforoak, tabernetan ezin zutik egon, kontzertuan jende gutxi...)

Baina beste aldetik, aurpegiak ikusiko ditugu, irribarreak, edukazio keinuak, ahoratzen diren ele arraroak, ahoratzen ez direnak, begirada sarkorrak, ezpainen kaligrafiak, beren tonalitateak...

Askatasun mota berria izango dugu, arnasa normaltasunez hartu ahalko dugu, aurrean dugun lagunak esandako guztia ulertuko dugu, "zer? zer?" nekagarria errepikatu gabe, pertsonak edota aspaldiko ezagunak lehen bistakoan ezagutuko ditugu, okerrerako zalantzak izan gabe, eta batez ere, ez dugu sentipen arrarorik edukiko (inolako neurrik gabe asteburua mendian edo naturan pasa ostean, zibilizazio maskaradunera bueltatzearena).

Aire zabalean eramateak bere salbuespenak izango ditu, izan ere, ekitaldi jendetsuetan edota pertsonen arteko betiko tartea ez bada errespetatzen maskara jartzea ez da salbuetsita izango. Hortaz, ohiko konplementu bilakatuko da gure artean, aurretiaz ere ondo asimilaturik genuen bezala. Ikusi beharko da zelan garatzen den azken olatu hau, eta tentuz ibili beharko dugu hurrengoa etor ez dadin, normalduriko guztia berriz ezerezean gelditu ez dadin.

Batzuk hasi dira garai berriekin amesten, udako jaietan zer egingo duten, zer-nolako bidaiak burutuko dituzten, etorkizuneko plan ederretan amesten, baina nire aburuz kontu hori ez dago erabat bermaturik. Geuk hemen ezarri diren dosiak hartu ditugu, baina mundu bazterretan ez dabiltza berdin, eta leku askotan pandemiak bere kutsatze prozesu arrunta darama, egunez egun, hilabetez hilabete. Argi dago kontu globala dela pandemiarena, eta irtenbidea ere globala izan beharko dela.