Gernikako Estatutua betetzea dela eta, enegarren atzerapena suertatzen ari da... Eta berrogei urte beranduago ezin da atzerapen horren atzealdean denbora eza, zailtasun teknikorik zein bestelako babarik dagoela azpimarratu, finean, borondate eza dagoelako PP zein PSOE alderdien aldetik, estatutua onetsi zenetik datorrena, eta horrek ekarri du denbora luzean lege organiko bat bete gabe segi-tzeak. Bete gabeko konpromisoa, ordea, ez da hori bakarrik. Mozal Legea, Sekretu Ofizialen Legea, Lan Erreforma eta abar dira Gobernua sostengatzen duten alderdien arteko desadostasunak islatzen dituztenak, horri Gobernua osatzen duten alderdien arteko norgehiagoka gehitu behar zaiola.

Esaten dena gorabehera, gehiengo zabala dago aipaturiko lege horiek norabide egokian egokitzeko; kontua da PSOE alderdiak bazkideekin hitzartutakoa betetzeko prest dagoen, beste inor gogaitzen ibili eta denbora igarotzen alperrik utzi gabe! Izan ere, PSOEk hasieratik dakizki gai bakoitzaren inguruan babesa eman dioten alderdien jarrerak. Ondorioz, pentsatzekoa da aldaketak adosteko prest zegoela, bestela bada, ulertu beharko genuke mementoko egoera bati eran-tzuteko, eta betetzeko asmorik gabe, egin direla akordio horiek... Eta hori hala bada, iruzur politiko eta sozial baten aurrean egongo ginateke.

Lan erreformaren kontuan beste horrenbeste suertatu da, akordioa egin da gobernagarritasuna ahalbidetzen duten alderdiei jaramonik ere egin gabe... eta, oinarrian, haiekin adostutakoa bete gabe. Orain, babes dezaten eskatzen ari zaie, onartu ezean lehen zegoena indarrean segituko duela aitzakiatzat hartuta. Gauzak egiteko modu hau deitoragarria iruditzen zait, legealdia aurrera ateratzeko engaiamendua erakutsi dutenen artean konfiantzazko giroa eraikitzea baino giroa ozpintzea dakarrelako. Nola fida gaitezke etorkizunean egin daitekeenaz orain arte hitzartuta daudenek bete gabe segitzen badute? Nago, PSOE alderdiak ez duela inbestidura ahalbidetu zuten alderdiekiko aliantza giltzarritzat jotzen... Aitzitik, pentsatzen du Espainian goberna dezakeen muturreko eskuinari biderik ez emateko, inbestidurako alderdiok prest egongo direla edozer onartzeko... baina oker dago. Hainbat kontu ez dira irensten errazak eta aldeko botoak nahi dituenak etengabe landu behar du bide hori, bere ordez gobernatu nahi duen alderdiari arnasa ematen, etengabe babesa erregutzen eta galdatzen ibili gabe.