Erredakzio-Mahaia

Zain egotea

07.11.2021 | 00:17
Zain egotea

Pazientzia lantzeko mekanismoak erne ditugu, besterik ez bada zain egoten ikasi baitugu azken urte eta erdian: konfinamendua noiz bukatuko da, etxeratze-agindua noiz kenduko dute, txertoa noiz jarriko digute, edukierak noiz handituko dituzte. Noiz. Galdetzaile klabea. Animoan pandemia bukatu dela dirudien arren –maskarak noiz kenduko ditugu?–, itxaroteko ematen dituen arrazoi korapilatsuagoak hor jarraitzen dute. Adibidez, esklusibitatea eta diseinua saltzeagatik baino funtzionaltasuna eta prezio lehiakorrak eskaintzeagatik ospetsua den Ikea altzari konpainiaren armairu baten zain nago duela hilabete eta erdi. Osasun krisitik eratorritako horniketaren krisia ez da multinazionalek asmatutako harenga gabonetako erosketak aldez aurretik suspertzeko. Eta txertoa noiz jarri behar ziguten aurreikusteko modurik ez zegoen bezala, honakoan ere ez dago itsas garraioa inplikatzen duen merkatuaren cracka noiz bukatuko den iragartzeko erarik. Eleberri distopikoaren osagaiak gure artean jarraitzen dutela dirudienez gero, normalizatu egin dugu zain egotea ea klima larrialdiaren ondorioz itsasoaren maila noiz igoko den lekukotzeko. Agintariak auto eta jet pribatuetan heltzen ikusi ondoren, berotze globala ekiditeko egunotan Glasgown egiten ari diren nazioarteko goi bilera itxurak gordetzeko biltzarra dela egiaztatu dugu. Zain gaude, ondorioz, ea autoritateek noiz utziko diguten ziria sar-tzeari erantzukizun ekologiko guztia besteoi egotzi ostean, gure pazientziaren mugak laztantzen hasiak baitira.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia