Beste urrats bat ziurtagiriaren homologaziorako eta elkarlanerako bidean

14.06.2021 | 01:15

BAI Euskarari Ziurtagiria 2000an sortu zen, Euskal Herriko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera eragiteko eta areagotzeko helburuarekin. Horri begira, euskara susta-tzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu zuten sektore guztietako entitateen lana aitortu, saritu eta gizartearen aurrean erakusteko bereizgarri bat eskaini zitzaien. Ordutik, garapen handia bizi izan du. Bere kudeaketarako Bai Euskarari Elkartea sortu zen 2007an; hortik aurrerako ibilbidea oparoa izan da, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eraginez, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berri-tzaileak eraikiz eta partekatuz, hala nola Enpresarean, Lansarean, Lanabes edo-eta Euskaragileak.

Eusko Jaurlaritzak 2007an aurkeztu zuen Bikain agiria, hori ere enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko eta zertifikatzeko helburuarekin.

Azken urte hauetan elkarrekiko aitortza agerikoagoa izan bada ere, oraindik, eta hainbat hurbiltze-saio egin diren arren, ez gara iritsi bien arteko elkarlana zehaztu eta sistematizatzera, tamalez. Bi sistemen artean desberdintasunak egon badaude, batez ere jomuga duten enpresa izaerari, prozedurari, planifikazioari edo-eta segimenduari dagozkionak. Hala ere, gehiago dira elkartu beharko gintuzketen aldagaiak urruntzen gaituztenak baino.

Azken aldian urrats nabarmen batzuk egin dira bi sistemen uztarketari eta elkarlanari bidea emateko. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Planean (EESSP), adibidez, aitortzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egindako ekarpena eta azpimarratzen da ziurtagirien eskema egokitu, indartu eta zabaltzearen beharra. Planaren aurtengo asmoen artean, gainera, ziurtagirien eskema egokitzea dago, zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzeko.

Bai Euskarari Elkarteak, bere aldetik, egokitzapen metodologiko garrantzitsuak egin ditu. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko irizpideak, neurketa eta helburuen zehaztapena egiteko baliatzen dugun fitxa, eta eskaintzen ditugun baliabideen antolaketa Eusko Jaurlaritzak zehaztutako Erreferentziazko Marko Estandarrera (EME) hurbiltzeko eta egokitzeko lan egin dugu azken hilabete hauetan. Horrela bada, gure tresna guztiak EMEren ardatzen eta mailen sailkapena aintzat hartuta antolatu dira. Beti ere, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko prozedurak dituen bereizgarriei eutsiz: aitzindaritza, malgutasuna, erantzuteko azkartasuna, erraztasunak eskaintzea, segimenduen maiztasuna eta gertutasuna, besteak beste.

Aldaketa honi esker, Bai Euskarari Ziurtagiria berritzearekin batera, balioa erantsi nahi izan diogu, entitateetan eragiteko eta haiei laguntzeko baliagarria den tresna gisa. Bestalde, ziurtagiria duten Euskal Herri osoko entitate guztiei ere ate bat zabaldu nahi diegu urte hauetan guztietan euskara sustatzeko egiten ari diren lanagatik aitortza eta onespena jaso ditzaten administrazio publikoen aldetik. Eta oraindik bide honetan murgildu ez direnei, tresna erabilerraz eta eraginkor bat jarriko diegu eskura, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera erosoa areagotzeko helburuarekin.

Hala ere, egokitzapen tekniko hori, estandar beretara egokitzeko ahalegin hori, uztarketarako urrats handia da, baina elkarlanerako borondaterik gabe, ez du behar besteko emaitzarik izango. Moldaketa metodologikoetatik haratago, elkarrekin aritzeko erabakiak behar dira. Elkarlanean arituta, eraginkorragoak izango gara eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean. Izan ere, saltoki, enpresa eta sektore guztietako entitate ugarik ez dute gaur egungo Bikain agiriaren eskeman tokirik eta erakunde hauentzat Bai Euskarari Ziurtagiriaren sistema eskuragarriagoa eta eraginkorragoa da. Bai Euskarari Ziurtagiria homologatzeak bidea zabalduko luke Ziurtagiria duten entitateek dirulagun-tza, hitzarmen eta kontratazio-deialdi publiko guztietan euskararen ziurtagiri bezala aurkezteko.

Jaurlaritzak homologazioaren aldeko erabaki hori hartzea, Bikainek eta Bai Euskarari Ziurtagiriak partekatzen dugun helburua betetzeko urrats handia litzateke. * Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia