Erredakzio-Mahaia

Garuna husteko erabakia

30.05.2021 | 01:17
Garuna husteko erabakia

Sekulako erronkari ekin zion TVEk iaz espainiarren bizimodua aldatzeko. Telebista publikoak prime time ordu-tartea aurreratzea ebatzi zuen ikusleak ohera lehenago joan zitezen, kontziliazioa hobetzeko aukera eskainiz. Estrategia horretan, prime time access deritzona ezabatu zuen bere emankizunen zerrendatik, hau da, gaueko apustu sendoari hasiera eman baino lehen telebistaz ematen diren saioak. Azken hilabeteetako datuek, baina, ez diote kontsumo ohiturak aldatzeko gaitasunik aitortu. Izan ere, Morfeoren besarkada jaso baino ikusleek nahiago dute beste kate batzuetara salto egin. Paraleloki, nahierako zerbitzua hedatzea lortu duten streaming plataformek beste gaitz bat pairatzen omen dute. Ikerketa batek dioenez, Netflixeko erabiltzaileek ez baldin badute 60 eta 90 segunduko tartean eduki bat aukeratzen amore ematen dute. Zergatik? Algoritmoei esker erabiltzaile bakoitzak banakako proposamenak jaso arren, aukeraketaren akidurak irabazten duelako neurrigabeko eskaintzaren aurrean. Horrela, frogatuta gelditzen da ikus-entzunezkoen ikusleria konkistatzeko borrokan kate publikoaren asmo sozialak ez diola abantailik ematen eta streaming bidezko plataformak ez duela ikuslea ordu gehiagoz mantentzen eskain-tza handitzen duen neurrian. Bitartean, Telecinco onik ateratzen da lehia guztietan, ohiko zaborra eta inoren miseriak eskainiz. Zer pentsa ematen du 22:00etatik aurrera gehiengo zabal batek garuna husteko erabaki kontzientea hartzea.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia