Erredakzio-Mahaia

Ispiluaren aurrean

23.05.2021 | 02:09
Ispiluaren aurrean

OScar sarietako garaile nabarienaren itzalean gelditu den Promising young woman izan da azkenaldian zirrara gehien sortu didan pelikula. Hori dela eta, zinemako argiak piztu zirenean nahigabez egiaztatu nuen eserleku gehienak emakumeek betetzen zituztela, bereziki gizonei interpelatzen dien lana delako. Emerald Fennellek ez du rape and revenge film soil bat zuzendu. Bortxaketa baten ondorioz mendekua hartzea erabakitzen duen Carey Mulligan bikainak interpretatzen duen pertsonaiaren istorioa baino askoz gehiago islatzen du. Pelikulak gau bateko amodio-aferetan gizon askok hartzen duten jokabidea salatzen du, alkoholaren aitzakiaz bi aldeen artean adostutako harremanaren muga lausoa aintzat ez hartzeagatik. Bullying-ean gertatzen den bezalaxe, bere artaldeko beste gizonen indarkeriaren aurrean lekuko pasiboaren papera hartzen duten horiek ere seinalatzen ditu. Eta emakumeak santu eta puten artean kategorizatzearen joera patriarkala agerrarazten du, joko horretan emakume askoren elkartasuna gaitzetsiz. Kritikatzen duen jarrera ez da kartzela-zigorra izan lezakeen bortxatzailearena, baizik eta kristalezko sabaiaren kontrako pankarta zure ondoan eutsiko duen hurkoarena. Izan ere, behe-instintuek agintzen dutenean, behartzea, sotila bada, baimenduta dagoen kultura batean bizi gara. Horregatik, film deseroso honek ispilu bat jartzen du ikuslearen aurrean. Emakumeari erraza egiten zaio enpatizatzea; gizonari, bera horrelako ez dela esatea.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia