Erredakzio-Mahaia

Normala ez dena normalizatu

16.05.2021 | 01:17
Normala ez dena normalizatu

Mugikorrera itsatsita bizi garenok esnatu bezain pronto kontsultatzen dugu, ohetik altxatu gabe eta begi bakarraz, ea lo geundela meteorito batek lurraren kontra talka egin duen konproba-tzeko. Katastrofe apokaliptikorik ez, baina jendez gainezka zegoen Madrilgo Puerta del Sol plazako argazki batekin egin dut topo sareetan. Alarma egoera bukatuta, jai gose aseezinaz, milaka gaztek kaleak hartu dituztela pentsatu dut lehenbiziz. Goizeko kafea hartu ondoren konturatu naiz irudiak hamar urte dituela eta urrenegi suma-tzen dudan M-15 mugimenduaren urteurrena gogorarazten duela. Eraldaketarako aukera bezala bizi nuen gertakari hura jaso zenean hogeita gutxi zenbatzen zituen bekaduna nintzen Bartzelonan eta matxinada bideratu zuten aldarrikapenekin bat egiten nuen. Sumindura olatuak Estatua zeharkatu zuen, stablishment-aren kontrako arrazoiak indartsuak baitziren: 2008ko krisi ekonomikoak eragindako murrizketak, demokrazia kolokan jartzen zuen ustelkeria politikoa, edota, bereziki gertu sentitzen nuena, gazteentzako etorkizuneko aukera falta. Ezer gutxi aldatu da ordutik ez bada bipartidismoa gainditu izanaren egikaritzea. Gazteei dagokienez, ezberdintasun nabarmenena orduan normal iruditzen ez zitzaiguna egun normaltzat hartzea da. Prekaritatea orokortu den garaiotan gazteen irrika handiena maskararik gabeko uda igarotzea da. Horregatik, ez nintzateke harrituko bihar, begi bakarraz, Puerta del Sol plaza rave erraldoia bilakatu dela irakurriko banu.

 
Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia