Erredakzio-Mahaia

Bata zein bestea

28.03.2021 | 01:08
Bata zein bestea

MASKARen erabilera asiako turistekin soilik lo-tzen genuen garai urrutietan, premisa oso interesgarri batekin abiatzen zen antzezlan bat ikusi nuen Euskalduna Jauregian: Zer nahiago zenuke, ehun mila euro oraintxe bertan edo milioi bat hamar urte barru? Ezbaiak pare bat orduko obra garatzeko mamia zuen, taula gainean zeuden lehen mailako aktoreek –Luis Merlo edo Itziar Atienza, besteak beste– aukera baten zein bestearen aldeko argumentu potoloak baliatu baitzituzten guztiz polarizatutako debatean. Maskararen erabilera derrigorrezkoa den egunotan badirudi premiazko beste zalantza bat dagoela airean: Zer nahiago zenuke, AstraZenecaren txertoa oraintxe bertan edo Janssenena urtebete barru? Hautatzeko aukerarik ez dagoela jakina den arren, susmoa dut galderak honek ere gizartea bi alderditan banatuko lukeela. Eta ez luke horrela izan beharko, edozein txertoren onurak arriskuak baino nabarmenagoak baitira. AstraZenecarekin txertatuta dauden milioi bat pertsonekin 100.000 kutsatze larri ekidin daitezke, eta, ondorioz, 10.000 hildako. Inokulazio masibo horren eraginez koagulazio kasu bat edo bi emango balira, ez litzatzeke hala ere arriskua hartu beharko 10.000 bizi hari-harian daudenean? Ez dakit milioi bat euroren zain egongo nintzatekeen hamar urte, baina kasu honetan ez daukat duda izpirik. Esperoan egotea ez da onartu dezakegun luxu bat eta denon ardura da txertoa dagokigunean jartzean, dela bata zein bestea.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia