Erredakzio-Mahaia

'The Crown', 17. denboraldia

14.03.2021 | 01:09
'The Crown', 17. denboraldia

Norbaiten inguruko epai bat egin baino lehen zerbitzariak nola tratatzen dituen lekukotzea gustatzen zait, bere balore sistemaren inguruko informazio esanguratsua eskainiko didanaren ustea baitut. Zuzendari exekutiboak lausenguz betetzen dituen bitartean komunak garbitzen dituena gutxiesten duen horietakoa den egiaztatzeko hutsik gabeko froga izaten da. Erresuma Batuko tabloideek azken urteotan kaleratutako berrien arabera, Meghan Markle dukesa estereotipo horretara egokitzen da. Menpekoak mespretxatzeari dagokioenez, behintzat. Argitaratu dutenez, errege familiako gutxienez bost laguntzailek aurkeztu dute dimisioa bere kapritxoekin kokoteraino egoteagatik. Despota eta harroputza izatea leporatzen diote. Eta horren testigantza zuzenik ez dudan arren, titularrak protagonizatzen eroso sentitzen dela ezin zaio ukatu. Egunotan britaniar koroa astindu du; bestek beste, arrazismoaren akusazioekin. Eta bere hitzak zalantzan jartzen saiatu diren kazetariek dimisioa aurkeztu behar izan dute. Luzeak dira aktore estatubatuarraren tentakuluak. Izan ere, azken astean Netflixek bere partaidetza duen Suits telesaila ikusteko gonbita egin dit. Marketing kanpaina ikaragarria, dudarik gabe. Kasualitatez, iaz Sussexko dukeek kontratua sinatu zuten streaming plataformarekin edukiak produkzitzeko. Gauzak horrela, zail ikusten dut The Crown telesaileko 17. denboraldi hipotetiko batek Oprah Winfreyren aurrean Marklek bere antzezpenik bikainena egin duela azalera-tzea. Estrategia borobila, bai horixe.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia