Erredakzio-mahaia

Enbor bereko ezpala

07.03.2021 | 01:37
Enbor bereko ezpala

Turista sanitarioen kontzeptua estreinatu berri dute infantek, Espainian txertatzeko dagokien txandari muzin eginda jaiotzetik gozatu dituzten pribilegioen beste erakustaldi bat egin ostean. Juan Carlos Borboikoa bisitatu behar zutenaren aitzakiarekin, Elena eta Cristina Arabiar Emirerri Batuetan inolukatu dira. Sortutako eztabaidaren harira, errege emeritua maiztasunez ikusteko pasaporte sanitarioa behar zutela argudiatu dute, haien aita ez baita Ezkaraira edo Torreviejara erretiratu beste edozein bezala. Hala ere, Felipe VI.aren komunikazio kabineteak errege familiako kideak ez direla azpimarra-tzeko saiakeran jarri du arreta. Eta errugabetzeko estrategia horren barruan, bidaia Estatuko diru-kutxatik irten ez den diruarekin ordaindu dutela gaineratu dute. Aitortzea ahaztu omen dute, baina, infanta bakoitzak hiru bizkartzain behar izan dituela, eta, horien gastuak, horiek bai, Barne Arazoetako Ministerioak ordaindu dituela. Hau da, erakutsitako pobrezia morala gutxi balitz, 33.000 euro baino gehiagoko kostua izan duen joan-etorria Estatuko biztanleen diruzorrotik irten da. Gauzak horrela, eta epe laburrean instituzio monarkikoa ezbaian jarriko denaren esperantzarik gabe, espero dezakegun bakarra Erresuma Batuan Leonor txikiak, tearen liturgiaz gain, eredugarritasunarekin zerikusi gehiago duten balioak barneratzea da, bere arbasoen enbor bereko ezpala izan ez dadin. Haren izebei inozentearena egiten bakarrik erakutsi baitzieten. Ondo eginda, bai horixe. Gogoratu bestela Noos kasua.

Blogs de Deia
Foros Deia