Erredakzio-mahaia

Elur-pilotaren auzia

17.01.2021 | 01:00
Elur-pilotaren auzia

GauR egungo konspirazio judeo-masonikoen teoriek pauso bat gehiago eman dute aste honetan. Filomena ekaitzarekin batera negazionistek hipotesi zoro bat asmatu dute zerutik erori diren elur malutak plastiko partikulak direla esateko. Hiru milioi ikustaldi baino gehiago izan dituen bideoan emakume batek elur-pilota bat erretzeko ekitaldia egiten du metxeroarekin, urtu egingo delakoan. Alabaina, desegin beharrean, beltz jartzen da, eta, horrek, aitzakia eman dio denboralea iruzurra izan dela esateko. Hartara, bere mezuak izan duen oihartzuna ikusita, medioek zientzialarien azalpenak hedatu behar izan dituzte fenomenoa argitzeko. Adierazi dutenez, batetik, txiskeroaren erregaiak zikinkeria darama, eta, erretzerakoan, kedarra bihurtzen da. Gainera, gasa usaingabea da, baina beste substantzia batzuekin nahastu ostean hatsa izan dezake. Bestetik, elurrari sugarra zuzenean aplikatzen zaionean, urtu beharrean sublimatu egiten da; hau da, gas-egoerara pasatzen da, tenperatura oso baxu batetik oso altu batetara igarotzen baita bat-batean. Ez dakit zer pentsatuko duten honen inguruan Madrilen, non elurrak 150.000 zuhaitzetan kalteak eragiteaz gain hamarnaka hezur-hausturen ardura duen, baina niri patetiko samarra iruditzen zait XXI. mendeko terraplanisten inozokeriak gezurtatzeko erabili beharra hedabide tradizionalak, batez ere plastikoen afera ez zaigulako zerutik erori, baizik eta guk sortu dugun benetako buruhaustea delako.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia