ANDEMIA eta krisi ekonomikoa nagusi diren garai honetan, bolo-bolo dabilen kontua da zor publikoarena, nahiz eta, egia esan, gaia askoz urrunagotik datorren. Gure gizartearen jarrerak, konparazio batera, jostailu-denda baten aurrean aitari jostailu bat erosteko tematzen zaion haurra ekartzen digu gogora. Aitak garestiegia dela adierazten dionean, umeak erantzuten dio: "Ba, joan bankura eta emango dizute dirua!". Gaur egun, gizarteak dituen premia ugarien aurrean, zenbat aldiz entzun ote ditugu gisa honetako arrazoiak: "Zorpetu dadila gobernua eta konponduta dago arazoa".

Guk, finantzetan espezialistak izan gabe, hainbat galdera edo hausnarketa egin dizkiogu geure buruari.

Zer zor? Gure administrazioak zorpetu egin ohi dira finantza-erakunde pribatuen jabetzakoak diren funtsen aurrean; azkenaldian, berriz, Europako Banku Zentralaren aurrean zorpetzen dira, zeina euroaren ezinbesteko euskarria baita.

Zenbaterainoko zorra? 2020an, Espainiako Estatuaren zorra BPGren %120koa da, gutxi gorabehera. Horrek esan nahi du espainiar bakoitzak 27.645 euroko zorra duela. Estatuko Aurrekontu Orokorretan, zorraren amortizazioa 35.500 milioi eurokoa izan zen, hau da, %8,57koa. Europan -eta munduan- zorpetze maila handiagoko herrialdeak egotea (Frantzia, %140; AEB, %120; Japonia, %235; etab.) ez da guretzat kontsolagarri, haien egoera eta baldintza ekonomikoak oso bestelakoak baitira. Espainiako Estatuak askoz hobe luke beste hauetan inspiratuko balitz: Suedia (%35), Danimarka (%35), Alemania (%60), Finlandia (%60) eta abar.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, herri-zorra %12,1-etik (2019) %14,9-ra igaro da (2020ko bigarren hiruhilekoan), hau da, 4.811€-ko zorra biztanleko. Zorraren maila askoz apalagoa izanik eta Euskadiko Ogasunak merezi duen konfiantza kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak, gaur egun, oso baldin-tza onetan zorpetzeko aukera du nazioarteko finantza-zentroetan.

Hala eta guztiz ere, 2020ko aurrekontuen kasuan -11.774 milioi euro-, zorra amortizatzeko partida 714,7 milioi eurokoa da (2019an, partida hori 1.098 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurrekontuaren %10). Ohartzen ote gara, egiaz, kopuru hori Osasunari edo Hezkuntzari esleitutakoaren %20 baino gehiago dela, gure autonomia-erkidegoaren zorpetze maila hain txikia izan arren?

Zorraren amortizazioa.Kapitulu hau, garrantzi handienekoa, gure ezagutzetatik kanpo geratzen diren finantza-ingeniari-tzen eremukoa da. Jakina, zorpetuta dauden herrialdeetako espezialistek diruaren itzulketa baldintza onenetan egiteko modua bilatzen dute, edo€ ez itzultzea. Horrelako egoeretan hartu ohi den lehenengo neurria txanpona debaluatzea izaten da, baina hori jada ez dago Espainiako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren esku, gure txanpona euroa izanik, Europar Batasunaren eskumenekoa baita. Debaluazio basati batek asko ahulduko luke eta ondorio ezin txarragoak ekarriko lituzke epe ertain edo luzera. Logikoa den bezala, aurreko hamarraldietan askoz ere kudeaketa serioagoa izan duten Europar Batasuneko beste herrialdeek ez dute konponbide horren aipamenik ere entzun nahi. Ez itzultzeak, berriz, zalantzarik gabe, are ondorio larriagoak izango lituzke, EBren nazioarteko sinesgarritasun ezak etorkizuneko edozein eragiketa eragotziko bailiguke.

Ondorioa: Lehenik eta behin, Espainia, Frantzia, Italia edo Euskadi herrialde aberatsak izanik, etikoki gaitzesgarria irudituko litzaiguke gure zorrak ez itzultzeko aukera planteatzea, epe ertain eta luzera horrek ekarriko lituzkeen ondorio negargarriak alde batera utzita. Ikusirik, beraz, zorra itzuli beharra daukagula, eta aurrez aipatu diren bezalako kopuru garrantzi-tsuetan, jabetzen ote gara zer ondorio izango dituen horrek etorkizuneko gure gizarte-politiketan? Zer etorkizun-perspektiba eta zer ondare uzten diegu ondorengo belaunaldiei? Behartsuekiko elkartasuna eskatzen dugu, bai, baina gure seme-alaben eta biloben belaunaldiak sakrifikatu besterik ez dugu egiten. Jokabide faltsua eta berekoia iruditzen zaigu.

Badira bi kasu gure administrazioen zorpetzea eskatzen dutenak: Aberastasuna sortuko duten proiektuak gauzatzea ahalbidetuko duten inbertsioak, gure herriaren -eta ez soilik klase pribilegiatu baten- ondasun erkidea hobetzeri begira, eta ezohiko inguruabarrek eragindako gizartearen premia larriei aurre egitea, hala nola pairatzen ari garen pandemia, osasunaren eta ekonomiaren arloetan dituen ondorio guztiekin.

Baina zorretik datozen funtsak ez dira inola ere erabili behar gastu arruntei aurre egiteko, gastu horiek sozialak badira ere. Gure ahalmenen gainetik ez bizitzen ikasi beharrean gaude, eta sortzen zaizkigun ohiko arazoak geure kabuz konpontzen ere bai. Bestela, "gaurko ogia biharko gosea" bihurtuko litzateke. Eta are gutxiago justifikatuta legoke funts horiek gu guztion kontura aberastu diren bankuak (edo gisako erakundeak) erreskatatzeko erabiltzea, iraganean gertatu izan den bezala.

Premia larriko beharrizanetarako, beti da gomendagarria zorpetzea; alferrikako gastuetarako, ordea, euro bakar bat ere ez li-tzateke erabili behar. Eta gure herriarentzat beharrezkoa zer den eta zer ez den bereizten ez badakigu, gure kasua are larriagoa izango da.

* Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxemari Muñoa