La hora Chanante saioak harribitxi asko utzi zituen, baina agian ezagunenetako bat izan daiteke "Hijo de puta, hay que decirlo más" zioen bideo eta abestia. A ekipoko M.A. Barracus ezagunaren beste abesti bat hartzen zuen oinarri, Treat your mother right, eta beren erara egokitu zuten, esanahia, leloa eta beste guztia nahi izan zuten gisan aldatuz. Maizago esanda ez, baina gauzak argiago esango bagenitu, gure arteko harremanak zintzoagoak lirateke agian, baina ez da nire asmoa gure arteko harremanetan dugun hipokresia salatzea inondik inora. Sermoiak igandeetan ETB1-en.
Putakume ez, baina aste honetan, Whatsapp-etan izar absolutua izan da Samuel L. Jackson. Agian, akaso, beharbada, Trump-i bota zion Zoaz popatik hartzera horrengatik. Mezu zuzena, zalantzarako tarterik uzten ez duen horietakoa. Eta gainera gure hizkuntzan!
Nahiko erraz emozionatzen gara nazioarteko edozein testuingurutan gure hizkuntzaren apurren bat ikusten dugunean, baina tira, oraingo honetan agian gehiago poztu gara mezuagatik, hartzaileagatik, eta zergatik ez, euskaraz ere hitz itsusiak badirela egiaztatu dugulako, kondairak baitzioen denak erdaratik hartzen genituela. Egia izan gabe ere, ez zait batere txarra iruditzen horrelako hitzak maileguan hartu izana. Ez nuke jakin nahi zertan ibili ote diren orain artean horrelako lirika fina sortu behar izateko.
Jackson jaunarengana bueltatuz, Pulp Fiction filman aktore ezagunak Jules Winnfield-en paperean hitz-aspertu ederrak botatzen ditu. Gehienoi ez gaitu harritu beraz mezua helarazteko duen gaitasunak, bai ordea horretarako erabilitako hizkuntzek. Ez dakit zerk eramango zuen erabilitako horiek aukeratzera, agian exotikotasunagatik hautatuko zituen, agian ausaz, baina guztien artean brankan jarri gaitu baten bat popatik hartzera bidaltzeko, eta ez da gutxi egia esan. Sikiera munduan pare bat pertsonek deskubrituko zuten badela ezagutzen ez zuen hizkuntza bat, Wikipedian ere egingo zuen bilaketatxoren bat baten batek eta beharbada kasuren batean kaixo eta agur ikasiko zituen buruz errezitatzen, oporretan etortzeko asmoz edo.
Samuel zaharrak balio bat eman dio gure hizkuntzari, eta kontrako aldean leudeke hainbat komunikabide, aste honetan argitaratu baitute birus madarikatuaren aurkako borrokan lagunduko omen duen mugikorreko aplikazioarekin atzerapenak dituztela euskarara itzultzeagatik nagusiki. Onargaitza zeharo egun batzuk gehiago itxaron behar izatea aplikazioa eskuratzeko, dagoeneko hilabeteetako atzerapena baldin badakar ere. Total, gaztelaniaz ere ulertzen dute eta, zergatik egoskorkeria hori?
Samuel L. Jackson etorri zait burura berriz ere, eta batzuk popa, txopa edo gibeletik hartzera joateko gogoa ere bai, baina niretzako gordeko dut, La hora chanante-ko bideoari kasu gutxi eginez.