Udako konplementoa izan da musukoa zalantzarik gabe, gehienok medikuntzarekin lotzen dugun modelo horrekin hasi ginen, urdina edo txuria, baina pixkanaka fintzen joan da moda. Hasi ziren oihalezkoak agertzen, kolore zozoak hasieran, marrazkitxoekin berehala, batzuk belarri atzean goma, besteak buruaren bueltan eta gero norberak moldatu du bere behar, gusto eta belarri atzeko minetara. Gure aurpegia ikusten ez den garai honetan, musukoa bilakatu da gure nortasun ikur.
Eta hortxe irabazi digute zenbaitek beste batailatxo bat, batez ere espainiarrek. Banderitadun musukoak txurroak baina errazago saldu dituzte uda honetan. Neroni ere eskaini zidaten bat Madrileko souvenir denda batean, Este de la bandera se lleva mucho esanez. Ez dakit neska gajoari nola begiratu ote nion, jarri nuen aurpegia musuko azpian ezkutatua geratu baitzen, baina ez zuen gehiago insistitu. Gure herrian historikoki ez gara atzera geratu ikurriñak edozein tokitan gehitzerako garaian, baina oraingo honetan abantaila latza hartu digute. Ikurriñadun musuko bakarra ikusi dut, eta piperpotodunak aldiz zientoka.
Eskuin muturrak goraka egin duela ezin ukatu, eta hari lotzen nizkion lehenengo ahoko zapi banderadunak, baina pandemia baina gehiago zabaldu da. Nazionalismoak Espainiaren minbiziak direla dioten horiek berak izango dira ziur aski jantzia daramatenak. Chauvin-ik sekula izan bada iskin batean barrez lehertzen irudika-tzen dut oraintxe, ederra sartu diela ahopeka onartuz.
Ez diot aldarri zentzurik ikusten gaur egungo Espainian bertako bandera eramate horri. Joko olinpiarren irekitze zeremonian baleude, tira, baina horiek ere bertan behera geratu diren momentu honetan espainiar abertzaletasunaren birusa hiltzen gaituen hori baina gehiago zabaldu dela dirudi, biek kezkatzen banaute ere.
DUT-en kantu hark zioen bandera trapu bat zela haizerik ez zebilen bitartean. Enbata haizea dabilela dirudi aldiz, eta espero dezagun babesten gaituen tela puska berak min egiten ez bukatzea, oso zentzu desberdinetan bada ere.
Eta hortxe irabazi digute zenbaitek beste batailatxo bat, batez ere espainiarrek. Banderitadun musukoak txurroak baina errazago saldu dituzte uda honetan