.- Egoera zaila eta delikatua bizi dugu. Covid-19 pandemiak familietan eta gizarte-bizitzan izan duen gorakada orokor eta kezkagarria dela-eta sortu den osasun-krisiak inpaktu ikaragarria izan du, eta gizarte-harremanak eta gutako bakoitzaren bizitza pertsonala baldintzatzeaz gainera, gai izan da gure herrialdeko osasun-sistema bera kinka larrian jartzeko. Ez gaude ohituta hain errealitate dramatikoa bizitzen eta kosta egiten zaigu agindutako neurriak geure egitea. Bestalde, gero eta gehiago zabaltzen ari da beste ideia bat: osasun-irtenbide eraginkor bat izateko aukera eskuetatik joaten ari zaigula, epe labur eta ertainera. Beharrezkoa zaigu pairatzen dugun gaitzari espazioak irabaztea, Jaurlaritzatik eta osasun-agintarien aldetik eskatzen zaiguna hertsiki betetzearen bitartez. Arrazoi osoz esan du norbaitek “ez dela zerua konkistatzeko momentua, infernua saihestekoa baizik…”.

2.- Egoera ekonomiko delikatua genuen lehendik eta pandemiak larriagotu egin du. Gizarte-sareko ia sektore guztiei eragiten die, hala nola merkataritzari, ostalaritzari, industria berari, turismoari… bai eta lehen sektoreari ere. Bidezkoa da, bestalde, gizarte-eragileak eta eragile ekonomikoak krisiari irtenbidea eman nahian egiten ari diren ahalegina nabarmentzea. Aldi berean, ezinbestekoa zaigu Estatuko eta Europako erakundeetatik datozen laguntzak justiziaz eta berdintasunez banatzea, pribilegiorik eta murrizketa arbitrariorik gabe. Orain, inoiz baino gehiago, banaketa-justiziaren printzipioak eta eskakizunak aplikatzeko garaia da, betiere, ahulenen beharrizanak lehenesten direla.

3.- Beste batean gaiari helduko badiogu ere, ez genuke aipatu gabe utzi nahi egun gutxi barru hastekoa den ikasturte berriaren erronka larri bezain delikatua. Osasuna eta hezkuntza berma-tzea, ikastetxeetan aurrez aurreko irakaskuntzara itzuliko diren honetan, berehala aurre egin beharreko erronka handietako bat da.

Oraindik beste hezkuntza-eragile ba-tzuen ekarpen berriekin hobetu beharko bada ere, hezkuntza-agintariek atondu dute jada ikasturte plan bat, datorren ikasturteari hasiera fidagarria eta eraginkorra ematea bermatuko duena.

4.- Aipatutakoez gainera, garrantzi eta neurri handiko beste hainbat krisi ari dira egunero agertzen. Horiek guztiek arreta eta ausardia eskatzen dute erakunde publikoen aldetik, bai eta baliabide materialak ere. Hor mamituko da gutako bakoitzaren inplikazioa.

Beti esan izan dugu kritika politikoa beharrezkoa dela edozein herrialde demokratikotan, eta alderdi edo talde sozial guztiek izan behar dutela gizarteari beren proiektuak aurkezteko aukera. Une jakin batzuetan, ordea, beharrezkoak dira altura gehixeagoko jarrera politikoak. Aurkari politikoa etsai bihurtzea, etengabeko salaketa eta liskar ideologikoetan leporaino sartzea, datu errealak desitxuratzen saiatzea, protagonismo interesatua bilatzea…, horiek guztiak gizarte-bizitza berreraikitzeko beharrezkoa den adostasunaren aurka doaz. Elkarrizketa zintzoa eta lankidetza leiala beti dira beharrezkoak, askoz gehiago bizi ditugun garai hauetan. Adierazpen publikoetan eskatzen diren edota hauteskunde-kanpainetan aurkezten diren proiektu sozial eta politiko handiak hitz hutsalak gertatzen dira, plan zehatz eta eraginkorrekin eta horiek gauzatzeko beharko diren baliabideekin batera ez badatoz.

Zentzuzkotasunak ez du etekinik ematen hauteskundeetan. Polarizazioa ez da berria eta ez ditu gobernantzako akats nabarmenak ezkutatzen, are gehiago gurea bezalako errealitate aldakorrean. Baina bada gure artean oinarrizko beste arazo bat, argi eta ozen salatu beharrekoa: gorrotoa, mespretxua eta intolerantzia gero eta leku handiagoa hartzen ari dira, ez bakarrik gizarte-sareetan eta zenbait komunikabidetan, baita kalean, udaletxeetan eta gizarte-harremanetan ere. Batzuen iri-tzian hori aurrera egitea da, “Herria eraikitzea”... Ez gara ari esaten ironia eta eszeptizismoa -tresna baliagarriak elkarbizitzarako- desagertzen ari direnik, baizik eta funtsezko hainbat ideia -elkarrizketa, egia bilatzea, elkarri laguntzea, eta abar- benetako aberraziotzat jotzen dituztela. Antonio Machadok iragarriari jarraiki, haurraren bihotza izoztuko zuten “bi Espainien” madarikazioa, gaur egun, Euskal Herrian aplikatzen dela dirudi, eta sektore politiko eta sozial zabalak har-tzen dituela.

Horregatik idatzi dugu artikulu honen izenburuan “Elkarrekin etorkizunari aurre egitera”, jakinaren gainean gaudelako zer arazo ditugun eta horiei erantzuteko zer nolako jarrerak behar diren.

Itxaropena, zoriona bezala, etengabeko bilaketa da. Gaur, inoiz baino gehiago, gogo berritu bat, irribarre zabal bat behar dugu, aro ilun hauetan. Elkarrekin jarraitzen baitugu, ontzi berean.