IRKULUAN eta biribilean eskuak eskuz lotuta dantza egin dezakezu, barre egin, eta osotasun baten parte zarelako segurtasuna eman diezazuke. Zirkulutik at ez dago zabarkeria eta errefuxa baino. Eman dezagun zu zeu zirkuluan eta biribilean zaudela lagun talde batean, eta badagoela bat zirkuluak onartzen ez duen berba bat edo keinu bat egiten duela. Zirkuluak, orduan mekanismo automatikoa du lagun hori presioaren bidez zirkulutik at ateratzen hasteko.

Bere bura zirkulutik kanpo ikustean eta atzera berriro zirkulura sartzen ahalegindu arren, ezinezkoa egingo zaio. Besterik gertatzen da lerroarekin. Lerrora itzuli zaitezke, atzean edo aurrera berriro jarriz. Lerroa irekia da. Zirkulua, ostera, itxia, irmoa, iragazkaitza. Zirkuluak esangura magikoa du, eta boterea du, indarra, eta bertara batzen direnak pozik eta alai bizi dira, haiek eratutako sisteman ikusten baitute beren burua gogo-tsu. Zirkulutik kanpo geratzen dena, mesprezatua eta ahantzia izaten da.

Ez da kasualitatea planetak zirkuluan mugitzea eta haietatik harri bat edo meteorito bat jaregin eta kanporako bidea hartzea indar zentrifugoa dela eta. Eta orbitaren inguruan hiltzen (ahanzten) dira batzuk, eta besteak erorketan bertan. Zirkuluaren herrimina sentitzea normala izaten da, edo ez, baina denok unibertso beraren parte garenez gero, zirkuluka biziz irauten du unibertsoak. Baina biziraupen duinak, bestalde, tarteka-marteka, eragotzi egiten gaitu zirkulua osatzeko ahaleginean ibiltzea.

Irrirako eskubidea zirkuluan bizi direnek dutela soilik dirudi. Haiek sortutako errejimenak ematen baitie, antza, pozik eta zoriontsu bizitzeko aukera, haien monoplio balira bezala. Ahanzturaren kon-tzeptuak, ordea, edonoren iragana eta oraina errotik moztea dakar, zirkulua eratzen dutenen iritzian. Saihestezuna da zirkulutik kanpo geratu direnak irri egin nahi izatea, nahiz eta negarrari usu ematen dioten. Ez dira gutxi haien lana gogoratua izatea nahi dutenak, baina badira, halaber, beraien bizitza ahanzturan galduta bizi nahi izatea. Duintasunagatik.

Eta hau guztia unibertsoan gertatzen bada, zelan ez da gertatuko Euskal Herrian, Bergaran, Emerito Arrese kalean, bertan dagoen txokoan. Aldizkari batean, argitaletxe batean, sareko plataforma batean. Txokokeriak, kuadrillakeriak eta merkantilismo basak sortzen baitituzte gurean zirkulurik gotorrenak, zoritxarrez.

Milan Kunderaren zirkulu itogarria (Irria eta Ahanzturaren liburuko teoria) gero eta txikiagoa da; biribilketak aurrera darrai zirkuluan, halere, dantzan jarraitzeko eskubide eta monopolio bakarra haiena bailitzan, zirkuluegileena, alegia

Nire idatzietan agertu nahi dudan mezua argia delakoan nago. Jendarte pentsalaria nahi dut xaxatu, akuilatu: Euskara maite dutenak nahi ditut limurtu nik ikusten dudan errealitatearen irudiaz jabe daitezen, errealitatearen alde izkutu hori begien bistan jarriz. Establishment-etik datorrenak ez gaitzala itsutu saltzen duten koipeztatutako urdaiazpikoarekin.

Euskal kultura tipi hau monopolizatzen dutenak esan beharko dute diru lagun-tzen bidez sisteman integratuak izateak, asimilatuta egoteak, politikoki zuzen izateak eta ilargiaren alderik argiena baino ez erakusteak merezi duten duintasunez iraunarazteko.

Euskal kulturalen malurak ez datoz soilik establishment-ak euskal kultura folkloretzat hartzeagatik. Kulturgile gutxiagotuek eurek beraiek sortutako sare zirkular itxi eta itsuak, kuadrillakeriak eta txokokeriak badute erantzukizunik ere euskal kulturaren endekapen horretan.

* Idazlea