Erredakzio-mahaia

Alfabetoko azkenak, lehenak

09.08.2020 | 00:22
Alfabetoko azkenak, lehenak

BERE haurtzaroa gogoratzerakoan nostalgiaz hitz egin ohi dit aitak. Elurra ia urtero egiten zuen sasoi horietan, herrixka bizkaitar hartan xalotasunez bizi ziren, bizikletan hara eta hona. Denboraren tiraniari bizkarra emanez, arduragabetasuna zen nagusi slow life filosofiaren aplikazio bukoliko horretan. Teknologiaren garapenak inposatu duen erritmo frenetikoak atzean utzi du egunen igaroa soseguz hartzeko joera. Millennial bezala, sokasaltoan ibili naiz eta kromoen bildumak egin ditut. Baina nerabezaroan murgildu nintzenean Messengerrean txateatzen nuen. Egun, Instagrameko erabiltzaile aktiboa naiz, eta, belarria zorrozten dut Tik Toki buruz entzuten dudanean. Orain, indarrez zapaltzen duen belaunaldi berri bat daukagu jarraika, adituen arabera 1997tik aurrera besapean mugikorra dutela jaio direnak, alegia. "Walkman? Discman? Zer da hori?", galdetzeagatik identifikatuko dituzu, zahartzearen lehen aztarnak sentitzen dituzun bitartean. Haiei egokituko zaie, batez ere, guk jasan genuen krisi berbera sahiestea. Denbora gutxian errepikatuko den ezbehar honi aurre egiteko gure arestiko esperientzia dute. Baina ez dute horren beharrik, datorrenera moldatzeko berezko gaitasuna baitute jada biharko lanbideak asmatzen ari direnak, Charles Darwinen ezagutza egikarituz: "Ez dira espezieko indartsuenak bizirik irauten dutenak, ezta argienak ere. Malguenak eta aldaketetara egokitzeko modukoak direnek bizirauten dute". Horiek dira Z belaunaldikoak.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia