Erredakzio-mahaia

Bakoitzaren kanona

19.07.2020 | 00:38
Bakoitzaren kanona

OBelixen antzera txikitan marmitara erori zen argazkilari bat dugu lankide. Gizakiz haraindiko indarra lortu beharrean, honek egundoko zintzotasuna bereganatu eta mantendu du ordutik. Duela urte ba-tzuk, Arte Ederren museoan, erakusketa baten inaugurazioaren berri eman behar izan genuen elkarrekin. Autoritateen adierazpenak jaso ostean, nahitaezko bisita egin genuen areto ezberdinetatik zehar. Ez zitzaion larregi gustatu esperientzia. "¡Qué mierda! ¡Esto lo hace cualquiera!", esan zuen purrustadaka margolan naif baten aurrean. Lotsatuta, baxuago berba egiteko eskatu nion, nahiz eta jakin hi-tzetan jarri zuela gizartearen gehiengo baten iritzia. Baita patronatuko kide askorena ere ziur aski. Gertakaria gogoratu dut berriki Guggenheimek antolatu duen Richard Artschwagerren erakusketan. Pintura eta eskultura uztartuz, hizkuntza berezi bat garatu zuen artista estatubatuarrak, askotan etxeko altzarietatik abiatuta. Museoetan ohiko bisitaria ez den lagun batekin egin nuen ikustaldia. Pareta baten kontra zeuden obrak bukatu eta izkina baten zegoen aulkia seinalatuz ea esposizoaren parte ote zen galdetu zidan. Barrea ezin eutsiz, artelanak zaintzen dituen langileak, tarteka, atseden hartzeko eserlekua dela azaldu nion. Argi ikusi nuen orduan: kontzeptualki arrazoibide sakonena planteatuta ere, arte garaikidea zer den baloratzeko orduan bakoitzaren subjektibotasuna eta sentsibilitate estetikoa izaten da inposatutako kanona baino indartsuagoa.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia