IOTENEZ, agortu egin da liburu-dendetan Albert Camusek 1947an idatzitako Izurria eleberria, non, metaforikoki, II. Mundu Gerrak ekarritako sarraski basatiaz hitz egiten baita. Epidemiaren hedapen beldurgarria deskribatzen du errealismo gupidagabez, eta guztiengan eragina duen patu bakarraren aurrean jartzen ditu Orango biztanleak, inolako bereizketarik gabe. Eleberriko pertsonaiek postura desberdinak hartzen dituzte gaitzarekiko: administrazio publikoak egoera kontrolatzea bilatzen du, eta, horretarako, hainbat arau inposatzen ditu, ondasun orokorrari begira; batzuek ihes egin nahi dute, arriskutik libratzeko; beste batzuk hura eragin duten arrazoien bila saiatzen dira, norberaren eta gizartearen bizitza birmoldatu, benetakotasuna eskuratu eta birbideratzeko aukera egon dadin; beste ba-tzuek izurritearen guneari aurre egiten diote edo haren mende erori direnak zaintzen ahalegintzen dira; badira abagunea beren probetxurako baliatu nahi dutenak ere, edo gehiegikeriarako joera dutenak, axolagabekeriaren edo eldarnioaren erdian.

Zilegi da alderaketa, zeren-eta antzeko hainbat erreakzio ikusi dugu gure artean -eta jarraitzen dugu ikusten-, adituek diotenaren arabera, hedatzeko ahalmen ikaragarria duen covid-19 koronabirusaren pandemiaren aurrean.

Gauza nabaria da herritarren erreakzioak oso desberdinak direla denok harriturik gauzkan gertaeraren aurrean: badira egoeraz jabetu eta ondorioei erantzuten saiatzen direnak, arazoak eguneroko bizimoduan ahalik eta eragin txikiena izan dezan saiatuz; beste ba-tzuk, aldiz, kexatu egiten dira: nahi dutena egiten ez uztea askatasuna urra-tzea eta demokraziaren aurka joatea omen da. Beste zenbait, berriz, asaldatuta dago tertuliakide berritsuen edo artikulugile demagogoen iritziak direla-eta, adituek emandako datuei jaramonik egin gabe. Jarrera altruistak ere ikusten dira, besteei mesede egiteaz kezkatuta daudenenak, nahiz eta ezezagunak eta gutxi estimatzen direnak izan; beste ba-tzuen jarrera guztiz indibidualista da: norberaren ongizatea da horien irizpide nagusia, kontuan hartu gabe besteengan izan dezaketen eragin kaltegarria. Bestalde, badira herritarrengan beldur irrazionala sortu nahi dutenak ere: agintearen kudeaketarekiko konfiantza suntsi-tzea eta anarkia ezartzea bilatzen dute, eta gobernuak neurriak hartzen baditu -zorrotzak zenbait kasutan-, gupidarik gabeko kritikak egingo dizkiote. Tonu apalagoan, indibidualismoaren beste adierazpen bat produktuak metatu nahi izatea da, horrela hornikuntza-zailtasunak edo prezioen igoera eragiten badira ere; edo jendea beste tokiren batera mugitzeko joera, gaitzetik ihes egin nahian, nahiz eta, aldi berean, hura hedatzen lagundu, arauak aintzat hartu gabe: "ez gara jada umeak eta ez daukagu inork aginduak eman beharrik, oso ondo dakigu zer egin behar dugun".

Pandemiaren eragina ez da pertsonen osasunera mugatzen, osasun ekonomikoa, politikoa eta soziala ere jokoan daude, eta beharrezko neurriak hartu ezean, etorkizun ezezaguneko krisialdi global batean barneratuko gara. Esate baterako, nolabaiteko lehia antzeman daiteke zenbait buruzagi politikoren eta osasun-teknikarien artean: dirudienez, egun hauetako kudeaketatik ahalik eta kalte gutxienekin irtetea bilatzen dute. Sindikatu batzuek -langileen osasuna aldezteko, diotenez- behar-beharrezkoa ez den jarduera oro erabat geldiarazteko eskatzen dute, baina ez diote ia garran-tzirik ematen industria-ehuna ahal den neurrian jardunean mantentzeari, oso iluna bihur daitekeen etorkizuna saihestu ahal izateko. Nazioarteko adituak eta arduradun politikoak sistemaren sustrai estruktural akastunak agerian uzten ari dira, bai eta sistema neoliberala kosta ahala kosta defendatzen dutenen argudio faltsuak ere. Ekintza publikoaren beharra frogatuta geratu da (osasun mailan, adibidez) pertsona guztiak artatzea ziurtatu ahal izateko. Politikariek, irizpide oportunistetatik soilik ari direnean, lotsarik gabe manipulatzen dute eta guztiz desbideratzen dira beren funtsezko eginbidetik, hau da, ondasun erkidea aldeztea eta sustatzea. Jakin beharra dago osasuna eta jarduera ekonomikoa modu harmoniatsuan uzta-rtzen, baina lehenbizikoak du lehentasuna. Noiz aldenduko gara irizpide monetaristan oinarritutako ekonomiatik? Noiz jarriko dugu ekonomia gizaki ororen zerbitzuan?

Pandemia hau, eta ondotik etorriko direnak, gauzak errotik aldatzen ez badira, ez dago bitarteko tekniko-sanitarioekin soilik borrokatzerik. Ezinbestekoa da gizartearen pentsamoldea aldatzea, axolagabetasunak gainditu eta justiziaren eta elkartasunaren baloreak auziaren erdian kokatzea. Eta elkartasuna ez soilik hurbilekoei begira, pertsona guztiak kontuan hartuta baizik: norberari begira, gure gizartearen oinarri diren giza balioak birpentsatuz, bai eta hura hobetzeko moduak ere; eta norberaren burua menderatzen ahaleginduz, borrokari ekin aurretik garaitua sentitu gabe; besteei begira, beharrean daudenei lagunduz; eta modu estrukturalean, gizadi osoarentzat etorkizun hobea ahalbidetuko duten neurriak babestuz.

Gure aurpegirik gizatiarrena erakusteko unea da, behar gaituenari laguntzeko borondatez eta duten onena ematen ari direnei (osasun-zerbitzuetatik hasi eta ordena publikoraino, batzuetan beren obligaziotik harago) gure esker ona agertuz.

* Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxe Mari Muñoa