Ez dakigu nola amaituko diren Koronabirusen ondorioak, baina dakiguna zera da: mundua erabat aldatuko dela. Ezaguna zaigu kantua: "Se acabó la diversión". Horrantz goaz, ezagutu eta bizi izan dugun orain arteko mundu honek aldaketa izango du eztabaidarik gabe.Ez dugu jakiterik izango, Koronabirusaren jatorria nola eta zergatik izan zen, ustegabekoa edota nahitakoa izan zen, ardugabekeriagatik edota konszienteki sortua. Espainian dagoen Txinako enbaxadako arduradunari honako galdera hau egin zioten oraintsu: Koronabirusa nola sortu den jakin daiteke? Eta honen erantzun zehatza: "Horrek ez zaigu ardura", baina egia esan, halako eran-tzunak zalantzak besterik ez dizkigu sortzen. Eta hala ere, munduak eta mundutarrok lankidetza eta obedien-tziaren arauekin aurrera egin beharra dugu.

Pandemia-krisia honek, etorkizunerako ibileran eta egikeran, ezinbesteko modu aldaketa eragingo du. kopernikar iraultza, non errealitateak aurreikuspen guztiak gaidituko dituen. "Hamaika Ikusteko jaioak gara" zioten gure adinduek.

Aginduzko legeak epaitza berri legez ezarriko dira. Mundu osoan ageriko legeak ezarriko dira eta isiltasuna askoren sostengua izango da; baina uste osoa dut, gertatzen den guzti honetaz ezaguera nabaria duten buruak daudela gure gain. Honelaxe ematen du behintzat.

Kopernikar iraultzak, ikuspuntu honetan, pentsamendu eta egintzetan, erabateko aldaketa adierazten du. Gure planeta unibertsoaren erdigunean eta eguzkia gure gain biratzen zegoela ezabatuz, Kopernikok bere garaian ager-tzen zen teoria iraunkor hura, ondotxo ulertarazi eta gezurtaratu zigun.

Beraz, eguzkia jarri beharko genuela erdigunean eta lurra haren biran.

Kopernikoren pentsaerarekin bat zetozen Kant-en adierazpen filosofikoak zera dio: aldaketa drastikoak ez direla ez kasualak edota txiripaz sortuak ez eta kartsuak edo pasionalak, baizik eta soil-soilik arrazoiren batengatik argudiatutakoak.

Hausnartu beharreko egoera eta garaia da eta bakoitzak atera beharko ditu ondorioak, dena aldatuko dela kon-tzientziatu beharrean gaude, eta dena gainbeheratzen bada, gaurko ereduak ez digu balio izango. Estatuak arlo askotan esku hartuko du eta zenbait gauzetaz jabetuko da. Gizartearen egonezina eta haserrea areagotzen joango da baina zabaldutako aginduekin isilarazi edo baretuko da, harantz goazela ematen du.

Honela ba, "llegó el comandante y mandó parar". 2008ko krisia etorri zitzaigun bezalaxe, "hau etorri behar zela argi zegoen" diote adinduenek. 2008koa saiakera bat bezala hartu beharko genukeen itxuran. Aldaketa guztiak krisi sakonetatik datozkigu, ezer ez dela ustegabekoa egiaztatzeko, historia begiztatzea besterik ez dugu.

Beraz, irmoagoa izango den sistema baten hasieretan eta beronen aurrean gaudela diot. "Europa eta mendebaleko kontzientzia" definitu zuen Paul Hazard autore frantsezak. Erligio krisia honetan gerren ondorengo Europa sekularizatuaren krisi ideologikoaz hitzegin zigun berak eta badirudi bide horretatik goazela.

Eta ez nago jarrera katastrofikoaren adierazpenetan, ezta gutxiagorik ere, atsegabetzea ez da on, zeren, datorkiguna aurrean dugu ia ia. Hala hartu beharra dugu kontzientziaren biraketa honetan aldaketa, bakoitzaren esku ere badago-eta. Eta orain, zer geratzen zaigu? gure adimena eta gogoa hedatzea, kontzientzia hartzea. Izua eta ikara sartu zaigun honetan, gogamena goraltzea premiazkoa dugu.

Munduko historian atzera begiratzen badugu, Txinak Mao Tse Tung-en erregimena heldu zenean, errepublika bihurtu eta dinastiak amaitutzat joko zituen. Egun, merkatu libreko ekonomian dihardu baina libertadea oztopatuta, bertan ditugu hala ere, gizaki bakoitzak bere kabuz bilatu beharko dituen zoriontasunaren filosofia handiak(konfuzionismoa eta budismoa).

Gurean, berreraikitzea aidean dugu baina, hondamenetan, eta halaxe gaude, garuna beste era baten egituratzea dagokigu. Eta guzti honetatik zer gera-tzen zaigu? Ba, lehia eta konpetentzia sistemaren aurrean ezarri beharko den lankidetasuna, beraz, eraldaketaren gakoa kooperazioan dago.

Honetan euskaldunok badugu eskarmentua, zeren, mundu osoan eredu den sistema kooperatiboa dugu. Eta ondo datorkigu kooperatiben sistemaren eragilea izan genuen Jose Maria Arizmendiarrietaren proposamenak gaurkora-tzea.

Aldaketa sozialaren premia dugu, ez enpresarenak bakarrik.

Gizakion arazoak, betiere, ikuspegi erkidego batetik konpondu beharko ditugu.

Gizaki ororen ekarpenak balio du, hemen denok gara beharrezko.

Eta hil aurreko egunetan bere hurko lagun bati esandakoa hauxe: "Bizi izandakoaren ikaspenak kontutan hartzea oinarrizakoa dugu, baina une honetan, atzera begiratzea, Jainkoari irain egitea liteke, gizakioi beti aurrera begiratzea dagokigu".

* Musikaria