Gorroto duzun koinatuaren ondoan eseri zaituzte, urtean behin ikusten duzun lehengusinaren aurrean, eta XX. mendean iltzatuta geratu den amonaren nebak zauria ukitu du (beste behin): "Eta zu, noizko ama?". Ordura arte bikote aproposa aurkitzeko castinga egiten ari zarela esan diozu hitz eztiak erabiliz, baina aurten ezpainak lotu nahi dizkiozu eta ugalkortasun arazoak dituzula aitortuko diozu. Sorbaldak altxatuko dituzte gurasoek, eguberri sasoiko aferak esanez begiradarekin, eta gezurra barkatuko dizute, jakin baitakite 30 urteko nerabe eternalak egotea ahalbidetu duen sistemaren erantzuleak lan prekaritatea sustatu duten agintariak direla. Bitartean, Estatuan 1941 urteaz geroztik jasotako jaiotza-tasa baxuena egoteaz kexatuko da osaba, martxa honetan bosturtekoan bere erretiro-pentsioa kolokan egongo dela aurreikusiz. Ez du aipatuko, baina, hilean 1.000 eurotik gorako prezioan alokatzen duen pisua gazteak etxekoen agintetik lehenebailehen askatzea oztopa-tzen duen arrazoien artean. Zorionez, nerabezaro biologikoa duela gutxi samar atzean utzi duen seme zaharrak agerian utziko du. Erasmusetik etorri berri den lehengusua eskandinaviarrez ingurututa bizi izan da azken hilabeteotan eta jasota utzi nahi izango du: "Autoa txiki geratu zait, aita", esango dio. Eta niri Z belaunaldikoaren ateraldia txalotzea baino ez zait geratuko, arrazoia baitu: pikadero gehiago behar dira demografiaren erronka konpontzeko.

aaraluzea@deia.eus