Nafarroak bizi duen krisi politikoaren aurrean, bi galdera nagusi datozkit burura, oso ezberdinak biak, baina aldi berean kezkagarriak. Lehenengoa: benetan harritu al da inor, egiaz, Goikoetxea Zubelzu Ogasun kontseilariak egin omen dituenarekin? Esan nahi dut, barru-barrutik eta geure burua engainatu gabe, hain arraroa iruditu al zaigu Ogasun kontseilari batek hainbat enpresentzako mesedeak eskatu izana? Ez dakit ba... Iruditzen zait benetan harritu gaituena Idoia Nieves, oraintsu arte Ogasunaren zuzendaria izandakoaren jokabidea izan dela: berandu, baina azkenean adorea izan du bere gainetik zeuzkan agintari politikoen legez kanpoko jarrerak salatzeko. Eta hori zoriontzekoa da. Goikoetxearen jokabidea Nafarroako Parlamentuak gaur bertan eratuko duen ikerketa batzorde batek aztertuko du. Ustekabe bat baino gehiago izan dezakegu batzorde horretan, baina gertatzen dena gertatzen dela, nekez lortuko du azken urteotan Nafarroako politikari darion kiratsa estaltzea. Zerikusi handia izan lezake horretan PSNk. Eta hona bigarren galdera: benetazkoak al dira PSNren atzo bertako espantuak? Ba ote? 15 egun eman ditu PSNk ikerketa batzordeak zirt edo zart egin dezan: Goikoetxearen kontrako akusazioak egiazkoak badira (eta baietz uste dute sozialistek), Barcinari dimisioa eskatuko diote, eta ematen ez badu, zentsura mozioa aurkeztuko omen dute, hauteskundeak maiatzaren 25an egin daitezen, Europako hauteskundeekin batera.
Egia da Europakoekin batera izango lukeela PSNk erridikulu ikaragarririk ez egiteko aukera bakarra, baina ez dakit ba... 15 egun Rubalcabak muturra sar dezan, 15 egun Nafarroako botere faktiko eta mediatikoek aiztoak zorrotz ditzaten, 15 egun Barcina eta Goikoetxea defenda daitezen. Barcina ordea, hil behar badu, hil aurretik ziur saiatuko da beste norbait akabatzen. Besterik ez bada Roberto Jimenez bera. Jimenezek badaki hori...beraz, sinesgarriak al dira bere asmoak?