gAUR fiskalitateari buruz Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura berezia izango da euskal politikagintzaren ildo nagusietako bat. Ez dakit eztabaidak adostasunik ekarriko duen baina orain arte ikusitakoaren arabera akordioa sinatu zuten bi alderdiek oro har kritikak baino ez dituzte jaso oposizioan geratzen diren bi alderdi nagusietatik, EHBildu eta PPren aldetik.

Euren interesak kontuan hartu dituztela ituna egiteko ez zait arduragarriena iruditzen, seguru asko ezekoa eman dutenek herritarren interesez gain euren interes propioak ere baloratu dituztelako ezetz esateko.

Alderdien ohiko jokoa da eta gainera, gaur gaurkoz, normalean akordioak egoera ahuletan etor-tzen direnez, ez da harritzekoa. Ez dut uste hala ere akordioak balioa galtzen duenik horregatik, izan ere politikagintzan gehiengo absolutuaren errodiloa ez da herritarroi gehien gustatzen zaiguna, agintean dagoen alderdiko kide oso konbentzitua ez bazara behintzat.

Interesak, beraz, seguru badaudela. Seguru nago Patxi Lopezek esan duenean hizki larriz egindako politikak azken urteotan eman duen itunik garrantzitsuena dela, ez duela alperrik esan, baina ez dakit alderdi batean eta bestean, hizki larriz egindako politika hori, politika horrek dituen ondorioak eta politika horren ondorioz erdietsi duten itun fiskala ere gustukoa duten denek, eta ari naiz zenbait sozialistez eta zenbait jeltzalez. Batzuk ez ditut oso konbentzituta ikusten eta duela astebeteko osoko bilkurak akordioa gauzatu berritan elkarri esaten entzun genizkienak horren lekuko iruditu zitzaizkidan.

Batzuetan akordioek ustekabeak ematen dituzte, eta inpresioa daukat EAJ-PSE itunak ez ote duen dekantatutako, epe ertainera, bi alderdi horien barruan nolabait umezurtz gelditu direnen eta ezker abertzalearen arteko aliantza estrategiko bat. Denborak esango du. Gaur adi Eusko Legebiltzarrera!