ORAIN hilabete eskas, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburu ordea den Patxi Baztarrikak egindako hausnarketak zer pentsatu eman zidan neuri ere. Bere iritzia, EAEn euskararen egoera nola dagoen aztertu duen ikerketaren ondorioetatik eratortzen da.
Beste hainbat gauzen artean, hurrengo baieztapena begiz jo nuen: "la sociedad vasca quiere ser bilingüe, el bilingüismo social equilibrado es la mejor receta para la convivencia, y de lo que se trata es de dar con el camino hacia el verdadero bilingüismo. Porque el bilingüismo social verdadero no llegará de forma natural, por sí mismo y sin intervención.
Gizarte mailako baieztapen hau nire ohiko esparru batera eramanez, enpresa mundura hain zuzen, hainbat galdera datozkit burura. Horietako batek aipatutako ikerketaren galderaren batekin zer ikusia izan zezakeen. Zehazki, galdera hurrengoa da: zer nolako balioa ematen zaio euskarari enpresa munduan?
Badira hainbat argudio galdera honi erantzuna ematen diotenak. Izan ere, ugariak izan daitezke arrazoiak euskara kontutan izateko edo ez. Hauei garrantzia ematen diegunok, era askotako erakundeekin harremana izan dugu eta izandako hartu emana dela eta, enpresok euskararekin dugun lotura maila 3 eratan laburbiltzen dela ondorioztatu dugu: bokazioz, beharrez eta azkenik ernegazioz.
Lehenbizikoen kasuan, badira euskal gizartean euskara bere filosofia eta balore gutunaren barruan aintzat hartzen dutenak. Kasu hauetan, euskararen presentzia zeharkakoa izan ohi da enpresa hauetako prozesuen baitan, edo behintzat euskara zeharkakotasunaren bidean jar-tzeko asmoa erakusten dute. Horrez gain, erakunde hauetan euskara balio erantsi bezala erabiltzen da, marketin tresna gisa alegia.
Bestalde, euskara derrigortasunez erabiltzen duten enpresekin jarraituz, hauek zenbait protokolo, esleipen administratiboekin edo marketinarekin zerikusia dutenak dira. Hau da, hirugarren batek beharturik, dokumentazio zehatz bat euskaraz eskatzen diotelako edota irudi euskalduna erakutsi behar dutelako. Hauen kasuan, itzulpen lanak kanpoan kontratatu behar dituzte, familia kide bati mesede moduan eskatu edo asko jota plantilako norbaiti egozten diote betebeharra. Halere, kasu guzti hauetan euskararena zama gisa hartzen da.
Azkenik, euskarari baliorik ematen ez dioten enpresen inguruan gauza gutxi dago esateko. Izan ere, euskaraz eta euskararen alde lan egiteari ez diote inolako abantailarik ikusten
Agian, hiru adibide hauek dira enpresa munduan euskarari ematen zaion balio subjektiboaren isla. Egia esan nire ustez euskara erabiliaz eta maitatuaz egiten dugu baliotsu, baina ofizialki hiru ardatz kontutan hartzen dira, hots, kanpora adierazten den irudia, barne dokumentazioa eta langileen euskara maila.
Zentzu honetan, gure erakundean lanean hasi nintzenean, hura aurretik azaldutako lehen multzoaren baitan zegoela ohartu nintzen. Izan ere, Bai Euskarari ziurtagiriaz gain, 2008an Jaurlaritzak sustatutako euskara planen bidea jorratzen hasi zen. Horren ondorioz, lehenbizi Zilarrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu zuen eta 2012an Urrezko Bikain ziurtagiria.
Horrela kontatuta badirudi helburua sariak jasotzea zela baina egitasmoa haratago doa. Zentzu honetan aipagarria da erakunde barruan euskararen presentzia biderkatzeaz gain gizarteari bideratutako zerbitzuak eskaintzen dituela. Hala ere, sari hauek gure lanaren eta ahaleginaren errekonozimendua izanik, batez ere lanean jarraitzeko indarra eta harrotasuna ematen dute, garrantzitsuagoa baita bezeroei eta gizarteari oro har eskaini diezaiekegun laguntza.
Euskarak gurea bezalako erakundeei emandako balioa ikusirik, hurrengo itaunak datozkit burura: enpresok ematen diogu balioa euskarari edo euskarak ematen digu balioa guri?
Horrelako adibideak aintzat harturik, zergatik ez eredu hauek gizarteratu, beste hainbatek antzeko bidea jorra dezaten?
Ados nago sailburu ordeak proposatutako interbentzio beharrarekin, izan ere benetako gizarte elebitasuna lortzeko ezinbestekoa da euskarak eta erdarak baldintza berdinetan jokatzea. Pixkat haratago joanez, bolondres bidea ere garatu behar dela uste dut, hau da, aurretik aipatutako 3 enpresa multzoen barruan, bigarren eta hirugarren multzoetakoak konbentzitu behar ditugu lehen multzorako jauzia beren borondatez eman dezaten, froga gisa lehenbizikoen adibideez baliatuz.
Horrela bada, benetako giza elebitasun orekatua lortzera bidean egon gaitezke, interbentzioak erraztutako borondatezko bidean, alegia!
* Futbol jokalaria eta aholkularia