Surbisa Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta hain berezia den data hori omentzeko '40 urte... Bilbo hobetzen' izeneko erakusketa sortu du. Hala, uztaila osoan San Nikolaseko Metro Bilbaoren geltokian egon ostean, asteazken honetatik aurrera Abandoko geltokian egongo da ikusgai. Erakusketak hiriko esku-hartze nagusietako batzuk errepasatzen ditu eta datorren irailaren 2ra arte bisitatu ahal izango da.

Elkarte horrek bizitegi-ondare eraikiaren kontserbazioa sustatzen du, hiri-birgaitzearen eta -berroneratzearen bidez. 1985ean sortu zen Zazpikaleak oneratzeko asmoz, urte bi lehenago izandako uriolek larriki erasan baitzuten auzoa; hala ere, 2005etik hiri osoan jarduten da, andeatze fisikoaren eta sozialaren araberako lehentasunei jarraituz.

Erakusketan 10 panel bisual daude eta Surbisak lau hamarkada hauetan Bilboko hainbat gunetan sustatu dituen jarduketa nagusietako batzuk gogoratzen dira, esaterako auzoak lehengoratzea, biziberritzea, birgaitzea, hiri-berroneratzea, energia-efizientzia, irisgarritasuna eta birnaturalizatzeko espazioak.

Erakusketaren hasieran Surbisa aurkezten da, eta urteetan zehar bere jarduera-eremuak nola zabaldu dituen aztertzen da. Elkartearen lehen helburua Zazpikaleen birgaitze integrala izan zen, 1983an Bizkaiko hiriburuan izandako uholdeek asko eragin baitzioten. Hurrengo urteetan, ordea, beste eremu batzuetara ere hedatu zen udal-sozietatearen jarduketa-eremua. Hala, 1994an Bilbo Zaharrera heldu zen, eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. 2005ean hasi zen Surbisa hiriko eremu gehiagotan lanean, hala nola Artatzu Bekoan (2005), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin multzoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016), eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).

Duela 40 urte sortu zenetik, Surbisak –bere laguntza, kudeaketa eta lankidetzaren bidez– birgaikuntza pribatuko jarduketak sustatu ditu eraikin, etxebizitza eta merkataritza-lokaletania 318 milioi eurora iritsi direnak. Kopuru horretatik 87,8 milioi euro inguru Surbisak kudeatutako laguntza ekonomikoetatik datoz. Horietatik, 54 milioi euro funts propioei dagozkie eta gainerakoak Eusko Jaurlaritzaren laguntzei. Azken horiek Surbisaren bidez kudeatzen dira, leihatila bakar gisa.

Horri esker, Surbisak Bilboko eraikin guztien % 22 birgaitzeko lanak kudeatu ditu. Zehazki, 2.552 eraikin, 18.051 etxebizitza eta 58.697 egoiliar izan dira onuradun, eta hiriko barruti gehienetan jardun du.

Jon Bilbao Surbisako presidente eta Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eskuordeak azaldu duenez, "Surbisak hurbiltasunetik egin du beti bere jarduera, eta bere gizarte-ekintzako ildoa kalteberatasun-egoeran dauden familiei laguntzeko lehentasunezko modu bat da. Horregatik, Surbisaren funtsezko helburua da mundu guztiak aukera izan dezan bizitegi-eraikinak birgaitzeko beharrezkoak diren obrak egiteko eta etxea konfort-maila egokian jartzeko, eta inor ez dadin egon behartuta bere etxea uztera obrei aurre egiteko laguntza edo baliabide nahikorik ez duelako."

Irisgarritasuna eta energia-efizientzia

Erakusketak, halaber, urte hauetan Surbisak eraikinen birgaitze integrala zelan bultzatu duen eta zaharberritzeko programa espezifikoak zelan sustatu dituen erakusten du. Gainera, Surbisak sustatzen duen birgaitze-ereduan energia-efizientziako neurriak ere sartzen dira, eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak eta igogailuak ipintzea ere bideratzen du.

Bestalde, inpaktu handiko esku-hartzeak egin dira ekipamendu berriak instalatzeari dagokionez, monumentu-eraikinen ondarea zaharberritzeari dagokionez, espazio libre eta berdegune berriak sortzeari dagokionez, bai eta inbertsio publikoari dagokionez ere, hiri-espazioa berroneratzeko hainbat jarduketaren bidez eta balio monumentala duten eraikin publikoak ekipamendu komunitario gisa erabiltzeko zaharberritze-obren bidez. Aipagarriak dira Plaza Barrian, Yohn jauregian, Atxuriko Gizakundearen Komentuan eta Bilborock aretoan (Mesedeetako eliza) egindako birgaitze-lanak, eta Solokoetxeko eskaileretan, Atxurin, Harrobi plazan, eta Bilbo Zaharra kalean eta auzo horretako plazetan egindako urbanizazio-lanak.

2022az geroztik, Surbisa Bilboko bizitegi-eraikinen birgaitze energetikorako NEXT GENERATION laguntzak kudeatzen ari da, eta, gainera, abian jarri ditu beste udal-laguntza batzuk hiriko bizitegi-eraikinen isolamendu termikoa hobetzea sustatzeko –energia-kontsumoak eta CO2 emisioak murrizteko asmoz–, baita Bilboko adinekoen etxebizitzetan bizigarritasuna eta irisgarritasuna hobetzeko ere, zeina 2021az geroztik sustatzen ari baita.

2024an, Surbisak bere gain hartu zuen hiriko bizitegi-eraikin pribatuen irisgarritasuna eta egiturazko finkapena sustatzea, eta esku-hartze horiekin helburu hau ezarri zuen: irisgarritasun unibertsaleko baldintzak betetzen ez dituzten edo igogailurik ez duten etxebizitzen ehuneko handia (% 14,5) igogailuz hornitzea. Gainera, lokal komertzialak hobetzea ere sustatu du, bere eskumeneko hiri-inguruneak suspertzeko.

Surbisako presidentearen hitzetan, "40 urte hauetan, Surbisaren helburua hirigintzako arazoak eta egoera sozioekonomiko kaltebera dituzten auzo eta eremuen birgaitze integrala izan da, eta erreferentzia bihurtu da eraikin, etxebizitza eta lokaletan obra pribatuen sustatzaile eta babesle gisa, haietan bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-efizientzia bultzatuz nagusiki".

Berrikiago, Surbisa espazio pribatuak berreskuratzen ari da, erabilera komuneko espazio berri bihurtzeko. Horri espazioen birnaturalizazioa esaten zaio. Horri esker, hirien barruko berdeguneak berreskuratzen, berrerabiltzen eta mantentzen ari dira egoiliarren edo bizilagunen arteko topagune gisa, eta horrek mesede egin die florari eta faunari, eta ekosistema orekatuagoa sortu da. Gainera, neurri horiek eragin positiboa daukate airearen kalitatean eta bero-uhartearen efektua arintzen dute, fenomeno horrek bereziki eragiten baitie eraikuntza-dentsitate handiko eremuei.