SAN Joan eguna atzean utzi genuen, Santio ere bai, Baionako jaiak ere igaro dira eta bagoaz hemendik aurrerako abuztuko jaietara hiriburuz hiriburu. Baina errepideak, jairik jai eramaten gaituzten errepide horiek, ez dute jai usain handirik, txinpartaka-txinpartaka dabiltza Gipuzkoa aldean. Zer dela eta? Gipuzkoako Foru Diputazioak jakinarazi duelako Bidegi zorrek itota dagoela eta, horri aurre egiteko, bidesariak jarriko dituztela Gipuzkoako errepide nagusietan. Lurralde honetako irakurleek jakingo dute zein den auzia; bizkaitarrek edo arabarrek agian ez horrenbeste. Hasieratik hastea dut, beraz, onena.

Gipuzkoa bete-betean harrapatzen du Atlantikoko ardatzak, eta horixe izan da, hain zuzen ere, Gipuzkoaren garapenaren oinarri nagusietakoa. Baina penintsulara doan trafikoaren erdia hartzeak ezinbestean eska-tzen du ibilgailu horientzat guztientzat errepide-sare egokia izatea. 60ko hamarkadarako agerian zegoen, ordea, bide berriak beharko genituela, ez zelako nahikoa N-1 errepidean karrilak bikoiztea eta herrietako saihesbideak egitea. Hala eginda ere, ez zegoen ahalmenik trafikoa guztia irensteko. Gipuzkoako topografiak ere ez du gehiegi laguntzen, ezta lurralde honetako hiri eta herrien dentsitateak ere. Eta Foru Diputazioak kezkaz beterik ikusten zuen bere aurrekontuekin ezin ziola erantzun egokirik eman errepide berrien beharrei. Lehengoaz gain, AP-8 autobidearen (Bilbotik Behobiara doana) transferentzia hartzeko prestatu behar izan zuten 2002an Batzar Nagusiek eta Foru Gobernuak. Egoera horren aurrean, Bidegi sortzea erabaki zuen, Gipuzkoak behar zuen tamainako bide-saria finantzatu eta ustiatzea helburu zuen Foru Sozietate Publikoa. Bitarteko egokia izan da Bidegi denbora nahiko laburrean N-1 errepideaz gain beste aukera batzuk emateko foru aurrekontuetatik diru-partidarik kendu gabe. Hor ditugu besteak beste, AP-1 autobidea, Donostiatik pasatu beharrik gabe Errenteriatik Aritzetara zuzenean garamatzan bide-zatia, AP-8 autobidea hainbat lekutan zabaldu izana 6 errei emanaz. Gaur lanean ari dira Zumarraga-Urretxu eta Urretxu-Antzuola zatietan. Errepide horietako guztietako erabiltzaileek ondo asko dakite nolako onura ekarri dien eguneroko joan-etorrian. Bitarteko egokia izan da, beraz, Bidegi eta bitarteko egokia izango da, etorkizunean ere, ekialde-mendebalde ardatza osa-tzeko; eta, batez ere, etengabeak diren mantentze-beharrei aurre egiteko. Zenbat kostatu da orain artekoa? 1.220 milioi euro; eta egindakoa mantentzea, ostera, 260 milioi.

Baina, nola ordaindu da (edo ordaintzen ari da) hau guztia Diputazioaren aurrekontuetatik dirurik kendu nahi ez bada? Zati bat, peaje edo bide-sarietatik datozen diru-sarrerekin (680 milioi); beste zati bat, Europako Inbertsio Bankuak emandako kredituarekin (500 milioi), eta hirugarren zati bat banketxeek emandako kredituarekin (300 milioi). Azken kreditu honetako 95 MM geratzen dira inbertsio berriei aurre egiteko.

Bestalde, orain artekoa egin ahal izateko urtez urteko aurrekontua eta plan ekonomiko-finantzarioa onartu ditu Bidegiko Administrazio Kontseiluak eta Diputazioak. Diputazioaren konpromiso bakarra Bidegiren oreka ekonomikoa zaintzea da eta modu bat baino gehiago egon daiteke horretarako, aurrekontu arruntera jo beharrik gabe. Hori lortzeko orain ditugun bide-sariak garesti(egi)ak dira? Ez dakit hala diren ala ez, Espainiako autobideetako batez bestekoen parekoak dira, eta lehen zatian Iparraldea gurutzatzen duen Frantziako A-63 autobideko bide-sariak baino % 25 merkeagoak. Areago, guztiok ez dugu berdin ordaintzen; Gipuzkoan bizi garenok badugu aukera teleordainketa-gailu baten bidez hobariak lortzeko egindako bidaien arabera. 70.000 abonatu baino gehiago ditu dagoeneko sistema honek eta bide-sarietatik datorren diruaren % 13 erabiltzen da hobari horiek ordaintzeko.

Non dago, beraz, arazoa horrelako zalaparta eta ezinegona sortzeko? Esango nuke Bilduk jarrera-aldaketa justifikatu beharretik sortu dela zalaparta eta egonezin guztia. Horixe dakarrelako lurralde bat edo udalerri bat kudeatzeak: oinak lurrean jarri eta irtenbideak bilatzea. Hizpide dudan gaiari dagokionez, Diputazioaren aurrekontu arruntetik dirurik jarri nahi ez bada, onar-tzea bide-sariak ezartzea beste aukerarik ez dagoela. Baina, jakina, horrek esan nahi du alde batera utzi behar dela garai bateko "Peajerik ez!" kontsigna. Nola justifikatu hori egin beharra? Aurrekoei kulpa guztiak ego-tziaz eta egiak ez diren baieztapenak eginaz.

"Bidegiren egoera larria da oso", edo "Gipuzkoak beste behar batzuei aurre egiteko behar dituen baliabideak hipotekatzen ditu" esatea ez da egia esatea. AP-1 autobidearen IV eta V zatien eta Donostiako Bigarren Gerrikoaren gehiegizko kosteez (desbiderazio izugarriez) hitz egitea ez da egia esatea, ezin direlako albo batera utzi hain lan luze eta korapilatsuak egitean -11 tunel eta 17 bidezubi AP-1 autobidean, esaterako- sor-tzen diren aldaketak (eta aldaketa horietako bakoitza behar zen lekuan eta moduan onartu zela, hau da, alderdi politiko guztietako ordezkariek osatzen zuten Bidegiren Administrazio Kontseiluan eta aho batez). AP-8 autobidea ordaindua zegoela eta Bidegiren zorra AP-1 errepideari lotua dagoela esatea ez da egia esatea. 2003tik 2011ra arte 670 milioi behar izan dira AP-8 autobidean hobekuntzak eta lan berriak egiteko.

Nola egin diezaieke aurre Diputazioak Bidegiren zorrei? Kudeatuaz, gestionatuaz, erabakiak hartuaz. Eta badu horretarako aukera, bat baino gehiago, gainera. Bide-sareen gainean eskumen osoa du Diputazioak eta horrek aukera ematen dio lurralde honetatik pasatzen den trafikoa egokien irizten dion moduan erregulatzeko. Badu, azken urte hauetako lanei esker, kapazitate handiko bide-sarea mugikortasunerako oinarrizko ardatz dena; horrek, aldi berean, aukera ematen dio disuasio-neurriak ezartzeko gainerako bideetan. Neurri bat izan liteke orain proposatu duena, "ahalmen handiko" bideetan (N-1 errepide nazionalean, A-15 autobidean, etab.) "arkuak" jarri eta azpitik pasa-tzen diren kamioiek eta Gipuzkoatik kanpoko ibilgailu arinek bide-saria ordaintzea. Hala egin nahi badu hobe luke gainerako alderdiekin kontsentsurako ahalegina egitea. Baina baditu bestelako aukerak ere: Iparraldean, esaterako, aspaldi debekatu zieten kamioiei RN-10 bidetik joatea; A-63 autobidea dute aukera bakarra, autobide pribatua eta gurea baino garestiagoa, mantentze-kostuak txikiagoak izan arren. Gure autobidea publikoa da, gipuzkoarrok gara akziodunak eta N-1 bide nazionalak kongestio-arazo la-tzak ditu. Zergatik ez begiratu Iparraldera? Zergatik ez ezarri, adibidez, gaur Etxegaratetik pasatzen diren ibilbide luzeko kamioietatik erdiek AP-1 autobidetik joan behar dutela?

Bidegiren finantziazioaz alarma sortzeak ez ditu arazoak konponduko. Foru Gobernuak ez du onartu nahi gobernatzeak ardura bere gain hartzea dakarrela, erabakiak hartzea dakarrela. Ez omen du Bidegiren eredua konpartitzen, baina eredu horri esker dugu, gaur, dugun bide-sarea, krediturik eskatu gabe ezinezkoa izango zena. Ez duela eredua konpartitzen esatea baino serioagoa eta kontsekuenteagoa izango litzateke esatea ez dela behar ez AP-1 autobidea, ez Donostiaren Bigarren Gerrikoa, ez AP-8 autobideko hirugarren erreiak, ez Ospitaleetarako sarbidea, ez Beasain-Bergara komunikazioa? Hartara hobeto ezagutuko genituzke gaur gobernatzen gaituztenak.

Baina bide-sare modernoa, gaurko zirkulazio-arazoei erantzuteko adinako ahalmena izango duena eta jasangarria izango dena nahi bada, autofinantziazio-sistema bat ere beharko da. Hala onartu du azkenean Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako Diputazioak. Kontua da erabakitzea zein sistema erabiliko den horretarako. Eta, batez ere, gogoan izatea ez dutela gehiengo absoluturik eta hobe dutela gainerakoekin kontsentsuatzea zer neurri ezarri nahi duten. Nahi badute, Bidegi eredu ona da aurrerantzean ere.